El Correo

Arabak Arabako Hegoaldeko Mendilerroak kudeatu eta babesteko neurriak onartu ditu

  • Ingurumen Foru Sailak ezarriko dituen neurrien xedea da babestea eta zaintzea Kantabria mendilerroa, Toloño, Kodes, eta Lokizko fauna eta flora, gune horiek guztiak ere Natura 2000 Sarekoak

Diputatuen Kontseiluak gaur goizean onartu du Arabako Hegoaldeko Mendilerroak izeneko Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) kudeatzeko dokumentua, gune natural hori babesteko eta zaintzeko 96 neurri dakartzana guztira; Arabako Hegoaldeko Mendilerroak KBEa Natura 2000 sarean sartuta dago eta Kantabria Mendilerroak, Toloñok, Kodesek eta Lokizek osatzen dute.

Neurri horiekin, gune horietako flora nahiz faunaren eta habitaten egoera hobetu nahi da datozen sei urteotan. Jotzen da neurri horiek ezartzeko milioi eta erdi euro baino gehiagoko aurrekontua beharko dela, administrazio eskudun guztiek jarririk, betiere aurrekontu baliabideen eta europar erakundeen elkarrekiko finantzaketaren mende, hala agintzen baitu 92/43/EE zuzentarauaren 8. artikuluak.

KBEa onarturik, Arabako Lurralde Historikoak burutu du dagoeneko Natura 2000 Sareko 29 eremuetako 18ren izendapena.

Kudeaketa agiriak jasotzen dituen neurrien artean, nabarmentzekoak dira mendien antolamenduari dagozkionak, baso erreserben kudeaketa plan berriak egiteari dagozkionak eta larreak antolatzeko proiektuen planeamenduari dagozkionak. Era berean, neurri anitz dira espezie interesekoak babesteko ezartzen direnak, hala nola europar bisoia, sai zuria, belatxinga mokogorria edo baso igel jauzkaria, besteak beste. Gainera, bada asmoa konektibitate ekologikoa hobetzeko ere, drainaketekin, hesiekin, lur sailak landu gabe utziz edo beste egitura batzuen bidez, ibai sareen eta hezeguneen konexioa hobetzearren.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate