El Correo

‘Kukuru Festival’, parte hartzeko ezohiko txotxongilo-jaialdia

  • Ikusle eta sortzaile izango da publikoa, aldi berean, gauzek bizia izango duten jaialdi honetan

Kukuru Festival etorriko da datorren larunbatean Vitoria-Gasteizera, Vital Fundazioak eta Artiumek, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak sortutako FamiliArtium programaren barruan. Parte hartzeko txotxongilo-jaialdi horretan, ikusleak sortzaile bihurtuko dira hamar pauso soiletan; gainera, etxera eramango dute parte hartu izanaren oroigarria, eta hala ekintza errepikatu ahal izango dute nahi adina aldiz. Bi eratan aurkeztuko da jaialdia Artiumen: bost urtez gorako haurrak dituzten familientzat eta 19 urtez gorako gazteentzat. Sarrera doakoa da eta tokia mugatua. Komenigarria da, beraz, 945209020 telefonora deitu eta erreserba egitea.

Kukuru Festival, DSS2016 Europako Kultur Hiriburuaren Energia-olatuak sailak hautatutako proiektua da. Sortzaileek ezohiko esperientzia gisa definitzen dute beren proiektua: parte hartzeko txotxongilo-jaialdi bat, non publikoa sortzaile eta ikusle bihurtzen baita, hamar pauso errazi esker. Propio egindako etxe baten barruan gertatuko da dena, non objektuek bizia izango baitute, era harrigarrian. Prozesuaren amaieran, ikusle-sortzaileek dozena erdi bat piezaren antzezpena ikusiko dute.

Txotxongilo-jaialdi harrigarri eta dibertigarri hau Mikel Tejadaren laborategi-etxean jaio da, ikuskizunen munduan urtetako esperientzia izan ondoren. Entretenimenduaren ildotik bideratu izan du beti Mikelek bere lana, sorkuntza artistikoari eta gizarte-harremanen azterketari lotua. Javier Vicente-ren laguntza izan du eszenografiaren eta argiteriaren diseinuan, eta Andrea Martín-ena eta Edu Hernando-rena garapenarenean.

Parte hartzeko esperientzia honetan, beste batzuen laguntzarekin sortzea zein erraza den jabetuko dira parte-hartzaileak, txotxongilo-jaialdi txit berezi batez gozatuko dute, eta nahi izanez gero, etxean nola errepikatu ere ikasiko dute. Asmoa da, etxez etxe metodoa irakasten jarraitu ahal izatea. Horretarako, hamar pausoak jasotzen dituen eskuliburu bat emango zaie parte-hartzaileei.

Hasiera batean, Kukuru Festival helduentzako asmatu zuen, baina familientzako aldaera bat ere egin da gerora, Mini-Kukuru izenekoa, helduren batekin datozen 5 urtez gorako parte-hartzaileentzat. Adin horretara iristen ez direnak ikusle gisa etor daitezke. Hurrenez hurreneko saio banatan aurkeztuko dituzte Artiumek eta Vital Fundazioak bi aukerak, bata 17.30ean eta bestea 20.etan.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate