El Correo

Arabako Foru Aldundiak 473,3 milioi euroko aurrekontua onartu du 2017rako, % 8 handiagoa

  • Gizarte Zerbitzuen Sailarentzat izango da gastuen aurrekontu errealaren % 48,5, “aldaketa indartzen eta finkatzen” duten aurrekontu hauetan

Diputatuen Kontseiluak aldundiaren 2017rako aurrekontu proiektua onartu du, zeinak 473,3 milioi euroko zenbatekoa izango baitu, erakunde konpromisoak kendu ondoren; alegia, aldundiaren beraren aurrekontua % 8 handiagoa izango da iaz baino. Aurrekontu orokorra, zeinak barnean hartzen baititu Estatuko gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako udal eta kuadrillei egin beharreko ekarpenak, 2.335 milioi eurokoa izango da.

Proiektuaren aurkezpenean Ramiro González Arabako diputatu nagusiak nabarmendu duenez, “Aurrean ditugun aurrekontu hauek indartu eta finkatu egiten dute Foru Gobernu honek abiarazi zuen aldaketa”, eta, orobat, gogorarazi du hiru lehentasunak direla “zerbitzu publikoak eta sozialak lehengoratzeko politikak bultzatzea, enplegua eta ekonomia suspertzea eta lurralde oreka lortzeko inbertsioak indarberritzea”.

Horren harira, pozik egin ditu beste adierazpen hauek ere: “Ez da murrizketarik egongo, eta, horrez gain, aldundiko sail guztiek, inolako salbuespenik gabe, baliabide gehiago izango dituzte erabilgarri 2017. urtean”.

Hain zuzen ere, Gizarte Zerbitzuen Sailak gastuen aurrekontu errealaren — hots, langile gastuak eta finantza karga kendu ondoren erabilgarri izango diren baliabideen— % 48,9 izango du. Zehatzago, Gizarte Ongizaterako Foru

Erakundeak 193 milioi euro jasoko ditu (% 4,5 gehiago 2016an baino). Lurralde orekari dagokionez, nabarmentzekoa da 209,3 milioi euroko zenbatekoa (iaz baino % 5,72 gehiago), TEFFFen bitartez Arabako toki erakundeak baldintzarik gabe finantzatzeko izango dena. Zifra horri gehitzekoak dira beste 14,8 milioi euro, Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren bitartez.

Arlo horretan aipatzekoa da, halaber, 11,1 milioi euroko zenbatekoa, suteak prebenitu eta itzaltzeko erabiliko dena, eta hori kudeatzeko suhiltzaileen erakunde autonomo berria sortu da. Nekazaritzako azpiegituren (3,4 milioi euro) eta bide azpiegituren (4,7 milioi euro) finantziazioak Arabako lurralde oreka ere indartzen du, eta alor horretan nabarmentzekoa da, halaber, lehen sektorean enplegua bultzatzeko aurreikusitako 4,7 milioi euroko zenbatekoa.

Enplegua eta ekonomiaren suspertzea dira Arabako Foru Gobernuaren funtsezko beste ardatz batzuk, zeinak 18,2 milioi euro gehituko baitizkio arlo horri hainbat ekintza garrantzitsuren bitartez, besteak beste, Arabako industria sektorea sustatzea (7 milioi euro), lurraldeko enpresa sarea berritzeko laguntza ematea (4,2 milioi) eta Arasur-Jundiz-Foronda ardatza bultzatzea (1,6 milioi).

Guztira, aurrekontuan jasotako inbertsioetarako 93,6 milioi euro izango dira, zeinak Arabako Foru Aldundiak zuzenean kudeatuko dituen (50,8 milioi) edo toki erakundeetarako hornidurak izango diren (42,8 milioi).

Zorpetzerik gabe 2017ko aurrekontuetarako Arabako Foru Gobernuak aurreikusitakoaren arabera, ez du zorra areagotuko. 2007. urtetik hona ez da halakorik gertatu. Horren harira Gonzalezek argitu duenez, 2016ko aurrekontuan zorra 6 milioi euro areagotzea aurreikusi bazen ere, azkenean ez da gauzatu. Horiek horrela, “zorra ez da handitu 2016an, eta ez da handituko 2017an ere”, azaldu du diputatu nagusiak.

Bestalde, José Luis Cimiano Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak aurrekontu proiektuaren aurkezpena baliatu du beste partida garrantzitsu batzuk ere nabarmentzeko, hala nola 20,2 milioi euroko partida ezinduen artean enplegua sustatzeko, 6,1 milioi euro kultura ondarea eta museoetakoa onik zaintzeko eta 2,1 milioi euro zerga iruzurraren aurkako borroka indartzeko. Ingurumenari dagokionez, sail horretarako aurrekontua % 2,2 handiagoa izango da.

Berdintasunaren arloan, Cimianok nabarmendu ditu, batetik, 2,1 milioi euroko zenbatekoa, aldundiak genero berdintasuna sustatzeko erabiliko duena, eta, bestetik, 1,5 milioi eurokoa, genero indarkeriaren eraginpean dauden emakumeen arretarako izango dena.

2,5 milioi euroko partida berria Gasteizerako

Berritasunen artean nabarmentzekoa da 2,5 milioi euroko partida berria, Gasteizen inbertsioak egiteko erabiliko dena. Zenbateko horri gehitu behar zaio, beste ekintza batzuen artean, 1,2 milioi euroko zenbatekoa, tranbia unibertsitate eremura eramateko lanak finantzatzeko dena. Ramiro Gonzalezek nabarmendu duenez,

“Lehenbizikoz, Arabako Foru Aldundiak Arabako hiriburuaren alde egin du erabakitasunez, haren garapenean esku hartuta eta udalarekin lankidetzan”.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate