El Correo

Mendi Jardunaldiek Nanga Parbatera, Groenlandiara eta trail runningaren praktikara hurbilduko dute publikoa

  • Proiekzioak azaroaren 14, 16 eta 18an izango dira eta Iker Carrera, Álex Txikon eta Fernando Belzunce izango dituzte protagonistak

Vital Fundazioa Aretoan aurten ere Ikus-entzunezko Mendi Jardunaldien beste edizio bat egingo da. Ohikoa denez, kirolariek eta alpinistek euren esperientziak partekatuko dituzte Gasteiz Mendi Taldeak eta Vital Kutxak antolatzen duten hitzordu horretara doazenekin. Saioak 20:00etan hasiko dira eta, sarrera dohain izango bada ere, beharrezkoa da aldez aurretik gonbidapena jasotzea Mendi Taldearen egoitzan.

Inaugurazio-jardunaldia astelehenean izango da, hilak 14, eta Iker Carrera mendi korrikalaria izango du protagonista. 'Trail Runninga, norbera hobetzeko bidea' proiekzioa aurkeztuko du. Proiekzioan kirol horretan duen esperientzia kontatzen du, hobetzeko bidea den ikuspuntutik. «Gainerako lehiakideak baino hobea izatea, hori da lehiaketen muina. Distantziak gainditzea, distantzia laburretatik ultra trailetarainoko bilakaera eginez. Eta, azkenik, inguruabarreko baldintzak gainditzea, naturarenak nahiz lesioak, adina …», dio Carrerak bere aurkezpenean.

Asteazkenean, hilak 16, berriz ere jardunaldiak izango ditugu Alex Txikon alpinistaren eskutik. 'Nanga Parbateko neguko lehenengo igoera (8.126m) erronka' lana ikusi ondoren ikus-entzuleek jakingo dute zergatik dauden 2016ko otsailaren 26ko data eta Alex Txikonen izena munduko alpinismoaren historiaren data eta izen ospetsuen artean. Egun horretan, 15:37an (Pakistango ordua) Lemoako eskalatzailea, Ali 'Sadpara' pakistandarrarekin eta Simone Moro italiarrarekin Nanga Parbateko gailurrera iritsi zen. Hartara, konkistatu zuten Mendi hiltzailea deritzona, urteko urtarorik hotzenean, eta zeharkatu zuten neguko zortzimilakoen azken-aurreko muga. Bere proiekzioan zehaztuko du aukeratutako ibilbidearen (Diamir isurialdeko Kinshofer ibilbidea) zailtasun teknikoek ez zietela erronka erraztu. Hala ere, Txikonek eta bere taldeak aurreko esperientzietatik ikasten asmatu zuten eta estrategia logistiko on batean oinarrituta jardun zuten, talde-lan gogorra eginda eta pazientzia dosi handiak erabilita ere bai.

Hitzordu horren klausura, ostiralean izango da, azaroaren 18an, 'Groenlandian zeharkako espedizioa' lanaren eskutik. Topaketa horretan, Nafarroako hiru espedizionariok, zeharkaldi eskiak eta kometak erabiliz, Groenlandiaren hegoaldea eta iparraldearen artean egindako zeharkaldia kontatuko digu Fernando Belzuncek. 2.400 kilometroko zeharkaldia, erabateko autonomiaz egina, Narsaq-etk Qaanaag-eraino, 35 egunetan, planetako leku babesgabeenetako batean, haizea eta hotza baitira nagusi. Abentura liluragarria, anekdotaz, arazoz, ametsetako paisaiez eta beste hainbat kontakizunez josia.

Saioak Vital Fundazioa Aretoan izango dira (Bakea 5, Dendarabako 1. solairua), 20.00etan. Emanaldi bakoitzaren ostean, hizlarien eta bertaratu den publikoaren arteko elkarrizketari ekingo zaio. Jardunaldietarako sarrera dohain izango da, baina ezinbestekoa da aldez aurretik gonbidapenak jasotzea Gasteiz Mendi Taldearen egoitzan (Pintore kalea, 74, behea), 19.00etatik 21.30era.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate