El Correo

Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiak bildu egingo dira elkarren intereseko bide azpiegiturei buruzko gaiak aztertzeko

  • Elkarrekin jardungo dira Ubideko sarbidea hobetzeko, eta eguneratu egingo dute Malato Zuhaitzaren Hitzarmena

Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiak bildu egingo dira aurki Artziniegako eta Gordexolako udalekin, BI-2604 errepidea Gordexolatik igarotzen den lekuko zatiaren bide segurtasunaren azterlana egiteko asmoa lantzearren. Bizkaia amaitzen ari da azterlan hori; azaro honetan bertan amaitzeko asmoa du.

Lau erakunde horiek joan den urtarrilean bildu ziren Arabak aurkeztutako arazoa aztertzeko, alegia, udalaren titularitateko errepide horretan ezarritako abiadura murrizgailuen kontua, eta erabaki zuten Bizkaiko Foru Aldundiak egin zezala azterketa tekniko bat zirkulazioa baretzeko egon zitezkeen aukeren gainean.

Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarrekin jardungo dira, halaber, N-240 errepidean Ubideko sarbidea hobetzeko eta Malato Zuhaitzaren hitzarmena eguneratzeko.

Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Garapen Saileko foru diputatuak eta Josu López Ubierna Arabako Foru Aldundiaren Bide Azpiegitura eta Mugikortasun Saileko foru diputatuak lan bilera egin zuten atzo Arabako Foru Aldundian, elkarren intereseko hainbat gai aztertzeko. Bilera hartan, zeina agintaldiko bigarrena baitzen joan den urtarrilean Bilbon egindakoaren ostean, Jon Larrea eta Marian Gutiérrez zuzendariak ere izan ziren.

Bilera hartako lehenbiziko gaia, hain zuzen, Ubideko hegoaldeko bidegurutzea izan zen (Ubidea, Bizkaia), N-240 errepidean doi-doia bi lurralde historikoen arteko mugan kokatua baitago. Bi erakundeek, aldez aurretik Ubideko Udalak jakinarazirik, elkarrekin aztertu zuten bidegurutze hori eraberritzeko proposamen teknikoa, haren segurtasuna hobetzekoa, eta datozen hilabeteetan xehetasunak aztertzeko konpromisoa hartu zuten beren gain, proiektua agintaldi honetan gauzatzearren.

Bigarren konpromisoa, berriz, Gordexolako eta Artziniegako udalekin bilera egitea da, BI-2604 errepidea Gordexolatik igarotzen den tartearen bide segurtasuneko azterlanaren edukia aztertzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak prest edukiko du, azaroko hilabete honetan bertan, lau erakunde horiek joan den urtarrilean egin zuten bileran erabaki zuten azterlana.

Bilera hartan aztertu zen Gordexolako udalerrian (Gordexola, Bizkaia) ezarrita dauden zirkulazioa baretzeko gailuek zer arazo eragiten dien BI-2604 errepidean ibilgailuekin Artziniegarantz doazen edo Artziniegatik datozen erabiltzaileei (Artziniega, Araba).

Era berean, konponbideak definitzeko orduan, kontuan hartuko da errepideko sakanguneak garraio sanitarioari eragiten ari zaizkion ondorioei buruz Eusko Jaurlaritza egiten ari den txostena, zeina Eusko Legebiltzarrak eskatu baitzion.

Azkenik, hirugarren puntuan, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek erabaki dute 2017an zehar Malato zuhaitzaren hitzarmena berrikusi eta eguneratzea. Hitzarmen hori 1986an sinatu zen eta 1996an aldatu, eta bertan ezartzen da zer obra eta proiektu gauzatu behar zituzten bi erakundeek, beren eskumenak baliatuz, antzinako N-625 errepidean, eta epeak ere bai. Asmoa da zehaztea zer obra dauden gauzatzeko eta zer epetan hasiko diren.

“Bi erakundeok lanean jarraituko dugu elkarrekin, Arabako eta Bizkaiko herritarren interesaren alde, bi lurraldeetako errepideen bide segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko asmoarekin", nabarmendu dute López Ubiernak eta Pradalesek.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate