El Correo

378.000 euro Arabako Lautadako bi errepidetako zoladura berriztatzera

  • Errodadura geruza berria izango dute A-2130 eta A-3140 errepideek

Arabako Foru Aldundiak berritu egingo du datozen asteotan trafiko ugaria duten bi errepideren zorua, alegia, Gasteizko hegoaldea eta Lizarrako errepidea lotzen dituen A-2130 errepidearena eta A-3140 errepidearena Dulantzi eta A-1 artean. Bi proiektu horietan 378.000 euro inbertituko dira, guztira.

Foru Gobernu Kontseiluak gaur onartu du bi proiektu horiek gauzatzeko kontratuak esleitzea, Foru Errepide Sarea hobetze aldera lanei jarraipena emateko eta haien erabiltzaileei segurtasun eta erosotasun handiagoa eskaintzeko. Proiektu bi horiek ibilgailu trafiko handia duten bi bideri eragiten diete: 3.000 autok eta kamioik baino gehiagok darabilte egunero A-2130 errepidea eta 1.200 baino gehiagok A-3140 errepidea.

A-2130 errepidea ia 3,3 kilometro luze da eta lizitatzen den proiektuak errepide guztia hartzen du aintzat, azken neguko baldintza meteorologikoek eta udaberriko euriteek hartan eragin duten narriadura konpontzeko. Aldundiak ia 190.000 euro inbertituko ditu haren bide-zorua konpontzen, alegia, zulo eta arrakalak berdintzen.

Bigarren proiektuak hobetu egingo du A-3140 errepidearen zorua. Dulantzi eta A-1a lotzen dituen errepide hori 4,75 kilometro luze da eta horietatik 3,3 kilometroan berrituko da errodadura geruza, hain zuzen ere zatirik hondatuenean.

Narriadura, pitzadurak dira batez ere, aurreko errepidean bezala, baldintza meteorologikoek eragin dute. Aurrekontua, proiektu horri dagokiona, 188.464 euro da.

Bi proiektu horiek Errepideen Foru Sarea onik zaintzeko programaren barruan daude sartuta, xedetzat dutela bide segurtasuna hobetzea eta erabiltzaileei erosotasun handiagoa eskaintzea; gainera, bete egiten da hartara inbertsio publikoaren bidez Araban sektore horretako enpresei eta enpleguari eusten laguntzeko helburua.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate