El Correo

Aldundiak ‘Transform@’ proiektua atera du, teknologia berriak landa merkatuan sartzeko

  • Programaren Europako bazkideak Aldundiaren Jauregian bildu dira

Arabako Foru Aldundiak eta Europako bere bazkideek gaur abiarazi dute “Transforma” proiektua, zeina lurralde historikoko eta EBko beste eskualde batzuetako landa zonetan ezarritako merkatuen prestakuntza hobetzeko bideratua baitago. Proiektu horren xedea da merkataritza elektronikoak ematen dituen aukerak ustiatzea eta hiri handietatik urrun kokatuta dauden dendetan “online" saltzea.

Urte hasieran, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak ‘Transform@` proiektua aurkeztu zuen Europako Batzordearen Erasmus + deialdira, hezkuntza, prestakuntza eta gazteriaren arloan elkartze estrategikoak bultzatzea helburu duen Lanbide Heziketaren lerroaren barruan. Europako Batzordeak uztailean onartu zuen proposamena foru erakundearen lidergoaren pean.

Proiektuaren bost bazkideek, hain zuzen ere Arabako Foru Aldundiak, Virtual Campus-ek (Portugal), Media Creativa-k (Espainia), Enpresa Garapenerako Erakundeak (Grezia), CVO Antwerpen-ek (Belgika) eta Mis Foundation-ek (Polonia), gaur egin dute lehenengo bilera Aldundiaren Jauregian, hauexek zehazteko: eskualde bakoitzaren xedeak eta hartzaileak, lana garatzeko egutegia, ekimenaren zabalkundea eta ebaluazio tresnak.

“Arabako eta Europako beste eskualde batzuetako landa merkataritza digitalizatu dadin bultzatu nahi dugu, alegia, digitalerako transformazioa egin, ikasketa programa baten bidez, zeinak oinarri izango baititu merkataritza elektronikorako gaitasunak garatzeko diseinatutako tresna interaktiboak. Azken helburua da sektore horri ‘online’ salmentetarako atea irekitzea, bai eta horrek dakartzan aukera guztietarako ere”, Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak azaldu duenez.

Foru diputatuak baieztatu du merkataritza Arabako Landa lurren jende hustea eteteko eta inguru horretan jende horri eusten laguntzeko jarduera dela. Haren ustez, “online” salmenta, berriz, tresna eraginkorra da herri txiki edo ertain horietan gaiak eta zerbitzuak merkaturatzeko, non hurbileko kontsumitzaile fisikoak mugatuak diren. “Biak uztartu eta ustiatzeko lan egingo dugu”, adierazi du.

‘TransForm@’ proiektuaren abiapuntua izan da landa zonetan jarduera ekonomikoa eta enpleguaren sorkuntza sustatzeko beharra, eta salerosketa elektronikoak eta ‘online’ salmenta eskualde horietako establezimenduetarako aukera interesgarria direlako uste sendoa. Guztira 194.715 euroko aurrekontua dauka, eta zenbateko horretatik ia 41.000 euro Foru Aldundiak gauzatuko ditu.

Orain hasiko dira proiektua garatzen, bi urteko iraupena izango du eta landa zonetan merkataritza sektorearen lehiakortasuna eta lan aukerak areagotzeko ekintzak proposatuko ditu, hiri handietatik kanpo merkataritza sektorean lanbide karrera eta bizi proiektua gauzatzen ari diren edo gauzatu nahi duten batik bat gazteei prestakuntza espezializatua ematearen bitartez.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate