El Correo

Arabak 4 milioi izendatu ditu Arabako Haranetako ureztapena hobetu eta modernizatzeko

Diputatuen Kontseiluak behin betiko onartu du Arabako Haranetako ureztapeneko V. eremuaren hobekuntza eta modernizazio proiektua, Omecillo ibaiaren ezkerraldeari dagokiona, Añana, Lantaron eta Gaubeako udalerrietan gauzatzekoa. Foru erakundeak 4 milioi euro izendatu ditu proiektatutako azpiegitura hidrauliko eta obra nagusietarako, eta horien artean dago ureztapen hodien sarea eta dagozkion elementu hidrauliko, kutxatila eta hidranteak ezartzea.

Laburbilduz, nekazariei emandako ur emarien eraginkortasuna hobetzea da kontua, lurpeko hodien sare bat sortuz sare adarkatuen eta beharrezko elementuen multzo baten bitartez, ura banatzea lortzearren eta ureztatzeko ura lurzatian bertan entregatzearren onargarriak izango diren baldintzetan. Horrekin, ihinztadura bidezko ureztapen egoki bat lortuko da, zeren sistema hori baita hobekien egokitzen zaiona proiektu horren xede den ureztapen eremuaren ezaugarriei.

Ureztapen sarea, diseinatu den moduan, dagoeneko neurriak eman eta ezarririk dagoen ur eroapeneko sare nagusitik abiatuta ezarriko da, hari gehituko baitzaio sare berria.

V. eremua Omecillo ibaiaren ezkerreko aldean garatuko da, Villañane herriaren hegoaldetik hasi eta Lantarongo udalerriaren iparralderaino. Modernizazio horrek ekarriko du “Tumecillo” izeneko ureztatzaile erkidegoaren ureztapen eremu gordinaren gainean jardun beharra (421,65 hektarea ditu, eta ia 70 dira lurjabeak), lehen aipatu diren udalerrietan.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate