El Correo

Bono Denda kanpainaren bigarren edizioan ehun saltokik baino gehiagok % 25eko deskontuak egingo dituzte

  • Udalak, Aldundiak eta AEnkomer elkarteak batera dihardute hiri merkataritza espezializatuan kontsumoa biziberritzeko ekimen horretan

AEnkomer-Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresarioak elkarteak Bono Denda kanpainaren bigarren edizioa aurkeztu du, Gasteizko Udalarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin batera. Tokiko merkataritza espezializatuan kontsumoa biziberritzeko ekimena da, zeinaren bidez % 25eko deskontuak lortu ahalko baitira kontsumo bonuak baliatuz. Gasteizko eta Arabako 100 saltokik baino gehiagok egin dute bat kanpainarekin. Bihar, azaroak 10, hasiko da kanpaina, eta 2017ko urtarrilaren 14ra arte iraungo du.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru zuzendari Felipe Garcíak, AEnkomerreko lehendakari Jon Andoni Aspuruk eta elkarte horretako zuzendari-kudeatzaile Edurne Parrok aurkeztu dute ekimena, eta espero dute azken hiru urteetan kontsumoa sustatzeko egin diren kanpainak bezain arrakastatsua gertatzea.

Bihartik aurrera, 1.600 “Bono Denda” bonu jarriko dira salgai, 40 euroan, zeinen bidez kontsumitzaileek 50 euroko erosketa egin ahalko baitute kanpainari atxikitako establezimenduetan, hau da, % 25eko deskontua lortuko dute. Aurten, berritasun gisa, bi bonu metatu ahalko dira erosketa bakarrean, prezioa 100 eurotik gorakoa denean ere erosketa erakargarria izan dadin.

“Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoa jarri dugu abian, zeinak, besteak beste, tokiko saltokietako bezeroak fidel bihurtzea baitu helburutzat, establezimenduei eskaintza erakargarria eta lehiakorra diseinatzen lagunduz. Bono Denda bezalako ekintzekin, kalitatean lehiatzeaz gain, saltokiek prezio onuragarriagoak eskaini ahal izan ditzaten nahi dugu, bereziki gertu dugun kanpainari begira, oso garrantzitsua baita”, adierazi du Nerea Melgosak.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru zuzendariak, berriz, gaur goizean aurkeztu den kanpainari eta antzekoei erakundeen aldetik laguntza emateak duen garrantzia azpimarratu du. “AEnkomer-Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresarioak elkartearekiko eta sektoreko beste erakunde batzuekiko lankidetza zein Bono Denda ekimenari ematen diogun sostengua merkataritza sustatzeko foru politiken parte dira. Bono Dendak Gasteizko eta Arabako saltokietan pizgarria izatea espero dugu, berehala iritsiko den Eguberrietako kanpainari begira”, esan du Felipe Garcíak.

AEnkomerreko ordezkariek adierazi dutenaren arabera, kontsumoa dinamizatzeko ekintzak garrantzitsuak dira tokiko saltokietan enpleguari eusteko eta haien iraunkortasuna bermatzeko. Jon Andoni Aspuruk esan duenez, “ekonomia suspertzen ari delako zantzuak gorabehera, sektoreak oraindik ez du eboluzio on horren isla zuzenik ikusten bere emaitzen kontuan. Horregatik da hain garrantzitsua lehiakortasuna hobetzeko kanpainak egitea, esaterako, Bono Denda”, zeina bihar abiatuko baita.

AEnkomerren zuzendariak ekimenarekin bat egin ez duten saltokiak parte hartzera animatu ditu, eta zehaztu du: “ez da elkarteko saltokiei mugatutako kanpaina, eta lehenengo egunetan beste establezimendu batzuek egin dezakete bat ekimenarekin. Aenkomerren ustez, sektore gisa ekintza bateratuak egiteko garaia da, indartu egingo gaituztelako, eta lehiakorragoak izaten lagunduko”, erantsi du Edurne Parrok.

“Bono Denda” kanpainako bonuak leku hauetan erosi ahalko dira: Caja Rural de Navarra kutxak Gasteizen eta Amurrion dituen bulegoetan, AEnkomerrek Gasteizen duen bulegoan eta Apymcaren Amurrioko bulegoan, Guardiako Turismo Bulegoan eta Aguraingo Eguzki liburu-dendan.

Kanpainan parte hartzen duten establezimendu guztien zerrenda AEnkomerren web-orrian kontsultatu daiteke: www.aenkomer.com.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate