El Correo

7.500 lagunek hartu dute beren ohiturak aldatzeko konpromisoa, Gasteiz bene-benetan berdea izan dadin

  • Garbitasunari, mugikortasunari, birziklatzeari eta ingurumenari buruzko konpromiso-kanpaina egin du Udalak

Edukiontziak ondo erabiltzea, etxetresna elektrikoak zentzuz erabiltzea, hondakinak murriztea eta auzoko dendetan erostea, horiek izan dira ‘Zuk egiten duzu Gasteiz bene-benetan berdea’ konpromiso-kanpainan parte hartu dutenek gehien bozkatu dituzten jokabideak, hori posible izan dadin zer egiteko prest zeuden galdatu zaielarik.

Hauek dira, besteak beste, gure hiriak ingurumenaren arloan 2020. urterako dituen erronka nagusiak: etxeetako hondakinen % 50 birziklatzea, Gasteiz hiri garbiagoa bihurtzea, hirian autoz egiten ditugun kilometroak % 20 gutxitzea, eta etxeen eta ibilgailu pribatuen energia-kontsumoa % 20 gutxitzea. Eta herritarrak prest daude beren ohiturak aldatzeko, hori lortze aldera. 7.500 lagun inguru izan dira informazio-standean, hiriko hainbat lekutan barrena ibili den bost asteetan. Bertan, Europar Batasunak 2020rako finkatu dituen ingurumenaren arloko erronken berri jaso ahal izan dute; energiaren, birziklatzearen eta mugikortasunaren inguruko erronkak, kide diren estatu guztiek bete beharko dituztenak.

“Orobat zen ekimenaren helburua herritarren ekarpenak, kexak eta iradokizunak entzutea, eta horiei erantzuten saiatu beharko du Udalak. Eta, aldi berean, herritarrei kontzientzia harrarazi nahi genien, beren jokabideek eta ohiko keinuek egin dezaketela Gasteiz benetan berde”, nabarmendu du Ingurumeneko zinegotzi Iñaki Prusillak. Hauxe izan da kanpainaren mekanika: standera etorri diren guztiei aipatutako lau erronka horien berri ematea, eta hori lortzera zuzendutako 16 jokabide proposatzea. Gainera, horien artetik lau aukeratu eta bere egiteko gonbita egin zaie:

Birziklatzeari dagokionez:

- Hondakinak murriztea. Gehiegizko bilgarriak dituzten produktuak ez erostea eta plastikozko poltsarik ez erabiltzea.

- Buruz kontsumitzea.

- Hondakinak bereiztea. Sailkatzea eta dagokien edukiontzietara botatzea.

- Garbigunea erabiltzea eta hondakin bereziak Puntu Berde Mugikorrera edo Reutilizagunera eramatea.

Garbiketari dagokionez:

- Txakurren kakak biltzea.

- Zakar poltsak edukiontziaren edo bilketako ontziaren barruan sartzea.

- Paperontziak erabiltzea.

- Hormetan pintadarik ez egitea eta txartelik ez jartzea.

Mugikortasunari dagokionez:

- 2 kilometrotik beherako distantziak oinez egitea, eta 5 kilometrotik beherakoak, bizikletaz.

- Ahal den guztietan garraio publikoa erabiltzea.

- Tokiko kontsumoaren alde egitea.

- Eskolara oinez edo bizikletaz joatea.

Energiari dagokionez:

- Termostatoa 20 ºC-ra jartzea.

- Beharrezkoa baino ez aireztatzea.

- Egun-argia aprobetxatzea eta LED lanparak erabiltzea.

- Etxetresna elektrikoak zentzuz erabiltzea eta beharrezkoa denean A+++ etiketa dutenez aldatzea.

2.000 boto inguru jaso dira, eta lau jokabide nagusitu dira, herritarrek beren ohituretara eramateko hautatutakoen artean: edukiontziak ondo erabiltzea, etxetresna elektrikoak zentzuz erabiltzea, hondakinak murriztea eta auzoko dendetan erostea. Udal euskarrietan eta autobusetan jarriko da orain horien irudia, denoi gogorarazteko ohiko keinuak garrantzitsuak direla Gasteiz benetan berde egiteko.

Parte hartu duten pertsonak bizikleta elektriko baten zozketan sartu dira. Notarioaren aurrean egindako zozketaren irabazleak laster izango du bere oparia.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate