El Correo

Kataluniako ordezkari talde bat Ebroko Bide Naturaleko Arabako ibilbide berdeetan izan da

  • Arabako Lurralde Historikoko ibilbide berdeei balioa emateko estrategia ezagutzeko

Kataluniako ordezkari talde bat Arabako ibilbide berdeetan izan da, Arabako Lurralde Historikoko ibilbide berdeei balioa emateko estrategia ezagutzeko, eta, horrez gain, GR 99 ibilbideari balioa emateko helburuak proposatzeko eta beharrizanak partekatzeko, Europako ibilbide luzeko produktutzat hartuta. Ibilbide hori aukera bikaina da ibaiaren ibilgutik gertuko lurraldeetan turismoa dinamizatzeko, halaxe egin baita Europako ibai nagusietan.

GR 99 edo Ebroko Bide Naturala ibilbide luzea da, Ebroren ertzetik Tarragonan duen ibai ahoraino doana, bidean hainbat probintzia zeharkatuz, besteak beste Arabako Lurralde Historikoa. Ibilbide luze horren 1.280 kilometroetatik 118,5 Arabako lurretan daude, sei etapatan banatuta; etapa osoak dira batzuk, etapen zati beste batzuk. Hona hemen GR 99 ibilbidearen Arabako etapak:

- 10. etapa: Quintana Martín Galíndez - Sobrón

- 11.1. etapa: Larrazubi - Miranda Ebro

- 12.1. etapa: Miranda Ebro - Briñasko zubia

- 13. etapa: Haro - San Vicente de la Sonsierra

- 14. etapa: San Vicente de la Sonsierra - Elciego

- 15. etapa: Elciego - Oion

Ordezkariak, Consell Comarcal de la Ribera d’Ebre kontseiluaren lehendakari Gemma Carim buru, eta Basquetour, Turismoaren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzarenak, koordinatuta, Añanako Kuadrillako arduradunekin elkartu dira, eta Fontechako dorrean, Sobrón herrian eta Sobrón Abentura turismo aktiboko enpresan izan dira.

Kataluniako ordezkariek aurrera egin dute ibilbidean eta Arabako Errioxako hainbat txoko ikusi dituzte, besteak beste Ebro ibaiaren ingurua, Lapuebla de Labarca herrian. Bertan izan dira Maider Murillo alkatea eta Arabako Errioxako Kuadrillako arduradunak, bai eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidearen ordezkariak ere.

Familia eta natura turismoan erreferentzia diren Arabako ibilbide berdeak ezagutzeko egin duten bisitan, ordezkari katalanak Amaia Barredo Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza zuzendariarekin ere batzartu dira, eta lurraldeko ibilbide berdeen arloan foru aldundia gauzatzen ari den estrategiaren berri eman die, bai eta GR 99 ibilbideari, balio handiko ibilbidetzat hartuta, balioa emateko egin beharreko jardunen berri ere.

Bi administrazioek erabaki dute Estatuko gainerako lurraldeekin batera lan egitea, Espainiako Gobernuari proposatzeko GR 99 Ebro ibaia baliabidea erreferentziazko turismo produktu bihurtu dezala estatuko eta nazioarteko merkatuetan, Europako beste herrialde batzuen esperientzia baliatuz.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate