El Correo

Trafiko-isunak izapidetzen laguntze aldera, gidariak online identifikatzeko zerbitzu berria jarri da Gasteizko Udalaren web-orrian

Trafiko-isunak direla eta gidariak online identifikatzeko zerbitzua jarri du abian Gasteizko Udalak, web-orriko egoitza elektronikoan. Horren bitartez, erraztu egingo dira izapideak, aurrerantzean ez baita ezinbestekoa izango aurrez aurre egitea, herritarrei laguntzeko bulegoetan edo San Martineko udal bulegoetan, orain arte bezala. Hainbat joan-etorri ekidingo ditu identifikazio-zerbitzuak trafiko-isunak izapidetzeko orduan, eta orobat emango du aukera administrazio-baliabideak aurrezteko eta tramitazio-denborak laburtzeko; administrazio elektronikoa bultzatzeko beste pausu bat da, azken finean.

“Udal efizienteagoa, modernoagoa eta pertsona eta enpresek eskatzen dutenera egokituagoa lortzeko beste pausu bat da zerbitzu berria”, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Online izapidetzeko zerbitzu berriari esker, erabiltzaileek bi modu izango dituzte trafikoaren arloko arau-haustea egin duen gidaria identifikatzeko: batetik, dosier zigortzailea abiarazi izanaren jakinarazpenean ageri den identifikazio-kodea baliatuz, eta, bestetik, identifikazio-txartel digitala baliatuz —dela herritarren udal txartela, dela ziurtagiri digitala—.

Orain arte, ibilgailuen erantzuleek aurrez aurre baino ezin zituzten identifikatu gidariak —izapide hori aukerakoa da pertsona fisikoentzat, baina nahitaezkoa, kasu askotan, pertsona juridikoentzat—. Trafiko Legean ezarrita dago identifikazio hori hogei egun naturaleko epean egin behar dela, errekerimendua jakinarazten denetik. Orain artean herritarrei laguntzeko bulegoetan, San Martineko udal bulegoetan, administrazio-organoen erregistroetan eta posta-bulegoetan egiten zen tramite hori. Azken lau urteetan 30.000tik gora identifikazio egin dira aurrez aurre, bai pertsona fisikoek bai juridikoek, Gasteizko Udaleko Diru-bilketa Zerbitzuaren datuen arabera.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate