El Correo

Ingurumena jardueraren arrakasta-faktore nola bihurtu erakutsiko die enpresei Itun Berdeko Enpresen V. Topaketak

Europa jauregian izango da, azaroaren 10ean, Itun Berdeko Enpresen Topaketaren bosgarren edizioa. Edozein negozioren kudeaketan ingurumena arrakasta-faktore bihurtzeko gakoak zein diren azalduko dira bertan. Horretarako, inoiz baino kasu praktiko gehiago eskainiko dira Itun Berdeko Enpresen Topaketan, esperientziak bilduko dituzten bi paneli esker; hamahiru enpresek erakutsiko dituzte bertan kudeaketa iraunkorraren alorreko adibideak.

“Itun Berdeko Enpresen Topaketa honetan enpresen protagonista-papera bultzatuko dugu, eta bertatik bertara kontatuko digute zer ari diren egiten ingurumenaren alorreko beren kudeaketa hobetzeko. Filosofia hori partekatzen duten enpresak ditugu iraunkortasunari lotutako abantailen erakusgarririk argiena”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Goizez izango da ingurumen-jardunbide egokiekin konprometitutako enpresen topaketa, 09:30etik 14:00era bitartean, esperientzien eta adituen bi bloketan oinarriturik. Lehena, Lloyd’s Register Quality Assurance España organizazioko auditore Silvia Matabuenak zuzenduko du, “La importancia de validar tu compromiso con el medio ambiente” izenburuarekin, eta ingurumenaren alorrean eskuratutako ziurtapenen adibideak aurkeztuko ditu, hainbat arlotakoak, hala nola lanbide-prestakuntza, garbiketa, kazetaritza edo nekazaritza-turismoa.

Esperientzien bigarren panela, “Tu marca es sobre todo un compromiso” izenburuarekin, Juanjo Brizuela branding-, komunikazio- eta publizitate-adituak gidatuko du, eta ingurumenari eta iraunkortasunari lotutako marka-irudia sortzearen abantailak azalduko dira bertan, hainbat arlotako kasu praktikoekin: ostalaritza, osasuna, upeldegiak, makina-erreminta eta abar.

Ingurumenaren arloko jardunbiderik onenak dituzten enpresentzako Itun Berdea II. sariak banatuko dira Itun Berdeko Enpresen Topaketaren barruan, hiru kategoriatan: mikroenpresak, enpresa txikiak, eta enpresa ertain edo handiak. Guztira hemeretzi enpresa aurkeztu dira sari horietara, eta 25 jardunbide egoki egiaztatu dituzte.

Azkenik, Itun Berdeko Enpresen V. Topaketaren barruan, Ferrovialeko Kalitate, Prebentzio eta Ingurumen zuzendari Valentín Alfayaren hitzaldia izango da, izenburu honekin: “Todo lo que Vd. siempre quiso saber sobre cambio climático, pero nunca se atrevió a preguntar”.

Itun Berdeko Enpresen V. Topaketarako izen-ematea doakoa da, eta azaroaren 9an bukatuko da horretarako epea.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate