El Correo

Hiria biziberritu, birgaitu eta berpizteko ereduari zabalkundea emango dio Gasteizek Cahorsen

  • Politika lokalak klima-aldaketaren kontrako borrokan, hori da Hiri Ondarearen Europar Bienalaren gai nagusia; hirigune historikoa eraberritzeko eredua —urrezko auzoetara eta hiriaren zabalguneetara hedatua— azalduko du bertan Euskadiko hiriburuak

Gasteizen agintaldi honetan sendotu den biziberritu, birgaitu eta berpizte politika izango da Udalak Hiri Ondarearen Europar Bienalean bihar, ostiralez, eskainiko duen hitzaldiaren gaia. Frantziako Cahors hirian ari da egiten biltzar hori egun hauetan, eta, gai nagusien artean, politika lokalek klima-aldaketaren kontrako borrokan jokatzen duten papera ari dira aztertzen bertan.

Zehazki, hirigune historikoak birgaitzeko eredua azaltzeko gonbidatu dute Gasteiz, eta, bidenabar, hiria biziberritzeko eredu hori -energia-eraginkortasunaren hobekuntzak eta hirien garapen iraunkorrak esku-hartze publikoa eskatzen dutelarik- hiriko urrezko auzoetara eta hiriaren zabalgune berrietara eramatearen esperientzia partekatzeko. Zentzu horretan, agintaldi honetan 21 Zabalgunea sozietatea hiria biziberritu, birgaitu eta berpizteko agentzia bihurtuz egin den aldaketa azalduko du Udalak bertan.

“Hirien papera oinarrizkoa da, planetaren beroketa ekiditeko, eta klima-aldaketaren kontrako borrokan asmo handiko helburuak ezartzeko. Gasteizek onespena jaso du eta jasotzen du ingurumenaren alorrean, nazioartean. Gure hiria, Green Capital izateaz gain, iraunkorrenetako bat da, eta ingurumenarekiko begirune handiena dutenetako bat, baina gure konpromisoa horretan are gehiago sakontzea da, aurrerago joatea. Kontua ez da, bakar-bakarrik, ingurumenaren alorreko helburuak lortzea. Uste dugu orobat hobetu behar dela etxebizitzen erosotasuna, familien energia-gastuak murriztu eta abar. Energia-eraginkortasuna handitzeko eta kontsumoa murrizteko -Europar Batasunaren oniritziarekin eta laguntza ekonomikoarekin- abian jarri diren eta jarriko diren politikak, Koroatzearen auzokoaren gisako proiektuekin, oinarrizkoak dira mundu osoan partekatutako helburua lortzeko”, azaldu du Hirigintza eta Ingurumen koordinatzaile nagusi Álvaro Iturritxak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate