El Correo

Aldundiak N-240a eraberritzeko proiektuaren idazketa esleitu du

  • Obrak 2017an hastea aurreikusten du

Gasteiz, 2016ko maiatzaren 31. Arabako Foru Aldundiak gaur lizitatu du N-240 errepidea, Legutiotik Ollerietako bidegurutzera doan tartea, eraberritzeko eta egokitzeko proiektuaren idazketa, eta, horrela, urrats bat egin du, istripu ugariko tarte horretan bide segurtasuna hobetzeko. Errepide horretako 3,2 kilometrori eragiten dioten obrak 2017an hastea aurreikusten da.

Diputatuen Kontseiluak onartu du, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak proposatuta, eraikuntza proiektu horren idazketa esleitzea, 177.749 euroan, eta bost hilabeteko epean gauzatzeko. Lehiaketa publiko horren ebazpena da lizitatu eta esleitu aurreko izapidea, Batzar Nagusiek eta Legutioko Udalak onartutako mozio banaren bidez eskatutako obra izanik.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak zehaztutako trazaduraren oinarrizko proiektuan, ezaugarrietan eta elementuetan oinarrituta, N-240a 16,7 kilometrotik 19,9 kilometrora hobetzeko eta egokitzeko eraikuntza proiektuak zehaztuko ditu irtenbide egokienak. Era berean, eraberritze obrok egiteko aurrekontua eta epea ere zehaztuko ditu.

Oinarrizko proiektu horrek egungo trazaduraren zatirik handiena aprobetxatzea proposatzen du, bai eta urtegi gaineko zubiaren ondoren dauden bihurgune arriskutsuak eta, ikusgarritasun hobea bermatzeko, sestra aldaketak kentzea ere. Era berean, proiektuaren zati dira Elosuko bidegurutzean beste lotune bat eraikitzea eta, segurtasun irizpideetan oinarrituta, inguruko lurzati eta finketarako sarrerak berriro antolatzea.

Jardun eremu diren hiru kilometro horietan segurtasun arazo larriak dituzten guneak daude, eta horiek dira arrazoi tarte hori behin eta berriro ager dadin Errepide Foru Sareko istripu ugariko tarteen artean. Arazo horiek zerikusia dute 2000 eta 2015 artean tarte horretan izandako 200 istripuekin eta istripu horien ondorioz izandako 89 zauritu arinekin, 15 zauritu larriekin eta bost heriotzekin.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate