El Correo

RENFEk Gasteizi emango dio protagonismoa Instragrameko #TuOtoñoTuTren lehiaketan

  • Era berean, RENFEren “Destinos de Otoño” kanpainako hirietako bat da Euskadiko hiriburua

Argazki-lehiaketa bat abian jarri du RENFEk —#TuOtoñoTuTren— Instagram sare sozialean; saria, asteburuko ihesaldia Gasteizera. Azaroaren 3an bukatuko da ekimen horretan parte hartzeko epea. Udazkenarekin zerikusia duten irudiak bidali beharko dituzte parte-hartzaileek, eta, hartara, saria irabazteko aukera izango dute: bi gau Gasteizen, ostatua eta gosaria, joan-etorriak eta bisitaldi gidatua barne. RENFEk bere web-orrian azaltzen duenez, Gasteizko ihesaldiak —azaroan egitekoa— hiririk atsegingarrienetako bat ezagutzeko aukera emango du, munduko pintxorik hoberenetako batzuk jatekoa, eta “El silencio de la Ciudad Blanca” nahiz “El caso de los amores proscritos” literatur ibilbideak egitekoa.

Gainera, “Destinos de Otoño” kanpainak hartzen dituen hirietako bat da Euskadiko hiriburua. Ekimen horren bitartez, 33 destinotara trenez ihesaldiak egiteko aukera eskainiko da, % 70era arteko deskontuekin, tarifa malguaren gainean. Udalak RENFErekin urtero sinatzen duen hitzarmenaren barruan sartzen dira bi ekimen horiek, hori izaki barruko turismoa sustatzeko estrategiaren lan-ildoetako bat.

“Gasteizera iristeko aukerarik erosoenetako bat trenak eskaintzen du, eta, horregatik, apustu sendoa ari gara egiten garraiobide horretan egiten diren joan-etorriak sustatzeko. Harro egon gaitezke, lankidetza-ildo emankorra baitugu RENFErekin, eta horrelako hainbat ihesaldi eta promoziotan askoren destinoa izateko aukera ematen baitigu horrek”, nabarmendu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosak.

Sare sozialetan, web-orrian eta Estatu osoko irratietan ematen diren iragarkietan ari da ematen RENFE destinoen promozioaren eta #TuOtoñoTuTren RENFE lehiaketaren berri.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate