El Correo

Aldundiak abian jarri du kanpaina bat tximiniak ondo zaindu daitezen

  • Tximiniak zuzen ez erabiltzea edo oker zainduta izatea da sute iturri ohikoenetako bat, neguan

Lurralde Orekaren Sailak eta Arabako Foru Suhiltzaileek kanpaina bat antolatu dute jendea jabetu dadin zein garrantzitsua den, batez ere neguan, tximiniak zuzen erabiltzea eta ondo zainduta edukitzea. Diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko foru diputatuak, suhiltzaileen erakunde autonomo berriaren aurkezpenean, adierazi zuen zutabe garrantzitsuenetako bat prebentzioa izango zela; eta prebentzio horren osagai da kanpaina hau.

“Bizi beroa, ez arriskuak” goiburuaren pean, informazio liburuxka batek zenbait aholku erraz biltzen ditu tximiniak seguru erabiltzeko; izan ere, tximiniok sute iturri nagusi izan ohi dira urteko sasoi horretan. Liburuxka horretan nabarmentzen da tximinien erabileraren arriskurik handienetako bat sute eta karbono-monoxidoaren hedapena dela, eta peril horri aurre egiteko zazpi aholku ematen ditu.

Aldundiak, halaber, jakinarazi nahi die arabarrei zein beharrezkoa den eraikinetan isolamendu ona izatea, zeren eta bero-hodiek hartzen duten tenperaturak habeak, trenkadak, holtzak edo suak har ditzakeen beste batzuk piztu baititzake.

Horren harira, suhiltzaileek gomendatzen dute zuzen manten daitezela, zeren eta, egurra erretzean, hodiaren barruko hormei atxikitzen zaien kreosota izeneko gaia sortzen baita eta haren metaketa oso baita suharbera.

Gomendio horiek Arabako lurralde historikoko toki erakundeei ere egingo zaizkie; izan ere, uste da herri horietan tximinia duten 10.000 etxe inguru daudela.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate