El Correo

Gasteizek nekazaritzako elikagaien sistema jasangarri batera iristeko IGIk ekintza plan bat landuko du

Gasteizek datorren hamarkadarako nekazaritzako elikagai-sistema jasangarria lortzeko ekintza plan bat landuko du, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez. Lan horrek “tokiko ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko lotura sustatu behar du, xede hauekin: klima-aldaketara egokitzeko gauza izatea, haren aztarna ekologikoa murriztea, sistemaren inguruan jarduera ekonomikoa sustatzea, herritar oro elikagai osasungarriez hornitzea, ohitura osasungarriak sustatzea, nekazaritza eremuetako herrietako jarduera tradizionalak eta lurra babestea, eta gardentasuna eta elikagaiek daramaten informazioaren benetakotasuna sustatzea“, azaldu du IGIko lehendakari Iñaki Prusillak.

Elkarte zein banakoekin hainbat urtez elkarrekin lanean aritu ondoren, orain Gasteizek elikagaien alorrean etorkizun iraunkorragoa lortzeko egin duen apustua indartu nahi da, ekintza plan bat landuz. “Planteamendu horrek IGIko kontseiluaren eta Udalbatzako alderdi politikoen sostengua eta adostasuna du“, baieztatu du Iñaki Prusillak. Berez, 2014ko martxoan Udalbatzak Elikaduraren Udal Plana lantzea onetsi zuen, aho batez.

Orobat, 2015ean udalerriko nekazaritzako elikagaien sistemaz egindako aurretiazko analisia du Udalak, eta hori berrikusi eta osatzeko partaidetza-prozesu bat gidatu du. Aipatutako prozesua 2016ko lehen seihilekoan garatu da, eta guztira 105 pertsonak hartu dute parte; lantegietan 224 asistentzia zenbatu dira. Fase horren amaieran, ondorioen agiria landu da, zeinean hogeita bat helburu eta lehentasunezko 100 bat neurri jaso baitira.

Orain, Udalari helburuak lortzen laguntzearren, plana idazteko laguntza teknikoa kontratatzeko lehiaketaren baldintza-agiria onetsi du IGIren kontseiluak. Aurrekontua 35.000 euro da, eta hautatutako enpresak sei hilabete izango ditu lana burutzeko, IGIk eta sailarteko lan-talde batek emandako datuetan oinarrituz. Enpresak informazio saio bat antolatuko du nekazaritzako elikagaien estrategiarekin zerikusia duten agenteentzat, eta estrategiaren garapena aldian behin berrikusteko jarraipen-sistema ere landuko du. Ekintza planak epe ertaineko helburuak ezarriko ditu, 2017tik 2025era arte.

Nekazaritzako elikagaien sistema sustatzerakoan Gasteizko Udalak egiteko hauek izango ditu: hirigintza plangintza hobea (nekazaritza lurrak babestea), elikagaien kudeaketa publiko iraunkorragoa (udal baliabideetan produktu lokal eta ekologikoen kontsumoa sustatzea), elikagai osasungarriagoak eta tokiko ekoizpena gehiago kontuan hartzen duten kontsumitzeko ohiturak sustatzea, eta udalaren landa funtsak baliatzea nekazaritza ekologikoko ekimenak abian jartzeko. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak nabarmendu duenez, hiriko testuinguruak aldeko ezaugarriak ditu, esate baterako, herritarren parte-hartzerako kultura historikoa, hiriak landa eta natur ingurunearekin duen lotura estua, Euskadiko kultura gastronomikoa, eta nekazaritzako elikagaien arloan burujabe izatearen aldeko joera orokorra.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate