El Correo

Aldundiak 1,5 milioi inbertitu ditu Mugarri Planean, 2016an

  • 64 jarduera baino gehiago energia berriztagarrien alde, energia eraginkortasuna eta mugikortasun jasangarriaren alde.

Arabako Foru Aldundiak milioi eta erdi euro baino gehiago inbertitu ditu, 2016an, Mugarri Planeko jardueretan. Plan horrek “Araba berriztagarri, eraginkor, arduratsu eta lehiakor” bat du helburu, Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatu Josean Galerak adierazi duenez Arabako Batzar Nagusien bilkuran.

64 jarduera baino gehiagoren bidez, energia eraginkortasuna eta energia aurreztea sustatu du foru aldundiak. Era berean, laguntza lerro bat sortu du energia berriztagarrien alde egiten duten Arabako udal eta kontzejuentzat eta, aldi berean, mugikortasun jasangarri eta ez motorizatuaren alde egin du, gogorarazi du Galerak.

Mugarri Planeko jarduera lerro bakoitzera bideratutako inbertsioak zehaztu ditu diputatuak. Hain zuzen ere, 100.000 euro baino gehiago erabili dira eguzki energia sustatzen, alegia, besteak beste, Vasco-Navarro bide berdean eguzki farolak jartzen edo Garaioko parkean eguzki eta elektrizitate instalazio autonomoa ezartzen.

Biomasaren erabilera sustatzen inbertitutakoak 368.000 euro baino gehiago egiten du. Diru hori, besteak beste, Untzaga, Erroitegi eta Barrundiako instalazioetan erabili da.

Nabarmentzekoa da, halaber, instalazio hidrauliko zaharrak berreskuratu izana, hala nola, Apinaizko errota, edo herri eredu eraginkorragoak bilatu izana; horren lekuko Arabako hogeita hamar bat herritan ohiko bonbillen ordez led bonbillak jarri izana.

Mugarri Planak badu lerro berezi bat ibilgailu pribatuekiko mendekotasuna arintzearen aldekoa. Horren ildotik, aldundiak milioi erdi baino gehiago inbertitu du bide berde berriak garatzen.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate