El Correo

Aldundia OHZren aldaketa aintzat hartzearen alde jarri da

  • Diputatuen Kontseiluak proposamena aztertzen utziko du baina adierazi du aldaketa batzuk aldundiaren eskumenetik at daudela eta ez dutela ekonomia ituna betetzen

Arabako Foru Aldundiak adierazi du ados dagoela Arabako Batzar Nagusiek uztailaren 19ko 12/1989 Foru Araua, ondasun higiezinen gaineko zergarena, aldatzeko foru arau proposamena aintzat hartzearekin. Podemos - Ahal Dugu batzarkide taldeak egin zuen proposamen hori.

Diputatuen Kontseiluak erabaki du ez jartzea eragozpenik ekimen hori Batzar Nagusietan azter dadin; nahiz eta, akatsik edo hutsunerik hautemanez gero, agerian jarri haiek, Batzar Nagusietan igaro beharreko izapideetan.

Hala ere, Arabako Foru Aldundiak aurreratu du proposatzen den arau aldaketa desegokitzat jo daitekeela, foru erakundeek ez baitute eskumenik ondasun higiezinen gaineko zergaren hainbat salbuespen kentzeko. Esaterako, Eliza Katolikoa ordaintzetik salbuetsita egotea, Espainiako Estatuaren eta Aulki Santuaren arteko itunetatik sortua baita. Izan ere, itun horiek nazioarteko hitzarmenen maila daukate, hau da, nahitaez bete beharrekoak dira, ekonomia itunak jasotzen duenez.

Legez onartutako elkarte konfesional ez katolikoentzako salbuespenari dagokionez, gogoratu behar da, Espainiako Konstituzioan onartuta dagoen kultu askatasuna dela eta, salbuespen hura estu-estu lotzen zaiola Eliza Katolikoari dagokionari, eta berdindu nahi duela Eliza horren eta beste erlijio sineste batzuen zerga tratamendua. Hori dela eta, legezko aginduz Eliza Katolikoak duen onura gorde behar horren aurrean, gainerako sineste elkarteei kentzea bereizkeria izango litzateke eta berdintasun printzipioaren aurkakoa. Ildo horretan erantzun zuen Epaitegi Konstituzionalak 2013ko abenduaren 5ean eman zuen epaian; izan ere, adierazi zuen Konstituzioaren kontrakoa zela martxoaren 12ko 10/2013 Foru Legearen atal bat, hain zuzen, behartuko zukeena Eliza Katolikoa eta erlijio sineste ebanjeliko, israeldar eta islamikoa ordaintzera euren jabetzako hainbat higiezinen lurralde kontribuzioa (OHZren antzeko zerga), jotzen zuelako xedapen hori Estatuaren eta Aulki Santuaren artean izenpetutako nazioarteko itunen kontrakoa izateaz gain, Konstituzioaren 149.1.1 artikulua hausten zuela, Estatuarentzat gordetzen baitu eskumen esklusiboa herritar guztien berdintasuna bermatzeko eskubide konstituzionalak, besteak beste, erlijio askatasunaren funtsezko eskubidea, erabiltzean.

Beste alde batetik, azpimarratu beharra dago ondasun higiezinen gaineko zergak aberastasuna zergapetzen duela ordaindu beharreko objektuaren arabera, subjektu pasiboen inguruabarrak gora behera. Horrela, ikastetxe itunduek hezkuntzarako erabiltzen dituzten ondasun higiezinen salbuespena salbuespen objektiboa da, hau da, ikastetxeen aldeko salbuespenaren arrazoia ez da ondasunen titulartasuna, ondasunen egitekoa edo helburua baino, itun araubidean babestutako hezkuntza helburuari lotuta baitago haien xedea.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate