El Correo

324 ikasle baliatuko dira Gasteizko Hezkuntza Sailak eskaintzen dituen laguntza psikopedagogikoez

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak 2016-2017 ikasturtean laguntza psikopedagogikoak emateko deialdia ebatzi du: ikasteko arazoak dituzten 324 ikasle baliatu ahalko dira horietaz.

DLH ematen duten Gasteizko ikastetxeak dira laguntzen onuradunak, eta azken hartzaileak, ikasteko arazoak dituzten ikasleak, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren beka eskuratu badute 2015-2016 ikasturtean, unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko beka eta ikasketa-laguntzak emateko deialdiaren barruan.

Diru-laguntzaren bidez, laguntza psikopedagogikoa jasoko da banakako edo taldeko ordubeteko saioen bidez, ikastetxeek proposatutako Gasteizko kabinete psikopedagogiko batean.

Tokiko Gobernu Batzarrak betekizunak betetzen zituzten ikasle guztiak onartu ditu, hau da, 324 ikasle. Horietako 151 aurreko ikasturtean arreta emandako ikasleak dira, lehentasuna baitzuten; 173 ikaslek, berriz, lehenengo aldiz eskatu dute laguntza.

Banakako saioak eskatu dira 320 ikaslerentzat, eta taldeko saioak beste laurentzat, zeinak biko bi taldetan banatuko baitira. Ikasle edo talde bakoitzeko gehienez ordubeteko bost saio egin daiteke, gehi ordu erdiko saio bat familia bakoitzeko. Taldeka arreta jasotzen dutenen kasuan, familiekin banakako saioak egingo dira.

Aurrekontu-zuzkidura 46.826 eurokoa da ikasturteko lehen hiruhilekorako, 2016ko aurrekontuaren barruan. Datorren urteko aurrekontuan 110.526 euroko partida izatea espero da, 2017ko urtarriletik ekainera arte laguntzak ematen jarraitzeko. Udal aurrekontuan kreditu nahikoa egotearen menpe dago hori, jakina.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate