El Correo

Gasteizko Udalak 52.600 euro gehiago jarriko ditu Arabako Teknologia Parkerako

  • Teknologia Parkeko Akziodunen Batzar Nagusiak joan den irailaren 28an onetsi zuen kapital-zabalkuntzaren ondorioa da udalaren ekarpena

Arabako Teknologia Parkea sozietatearen kapitala zabaltzeko proposamena onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak; horren bitartez, Gasteizko Udalak 526 akzio erosiko ditu, bakoitzaren balio nominala 100 eurokoa delarik. Teknologia Parkeko Akziodunen Batzar Nagusiak joan den irailaren 28an onetsi zuen kapital-zabalkuntzaren ondorioa da udalaren ekarpena. Orotara 2.314.900 euro izango dira, beraz, Udalak % 2,27ko partaidetza-kuota duenez Teknologia Parkean, 52.600 euroko ekarpena egitea dagokio. Gainerakoa Eusko Jaurlaritzak –SPRI sozietatearen bitartez– eta Arabako Foru Aldundiak –Araba Garapen Agentziaren bitartez– jarriko dute, % 64,8 eta % 32,93, hurrenez hurren.

Teknologia Parkearen kapital-zabalkuntzaren xede nagusia da E8 eta E9 eraikinetan egindako inbertsioak finantzatzea, eta sozietatearen balantze ekonomikoa orekatzea, erabakitako zabalkuntzaren bidez 65.722.500 euroko kapital soziala izatera iritsiko baita.

“Industrialdeen aldeko apustu argia egiten ari gara, besteak beste, gainerako erakundeekiko koordinazioan oinarrituz. Hilabete gutxi barru egiaztatu ahalko da koordinazio horren emaitza. Martxoan hitzarmen bat sinatu genuen lurraldeko industria-lurzoruaren eskaintza hobetzeko, berriki beste lankidetza-hitzarmen bat sinatu dugu Arabako Teknologia Parkera joateko autobus zerbitzua bermatzeko, eta lan-ildo horretatik jarraituko dugu, Miñao aukerarik erakargarriena izan dadin hemen ezarri nahi duten enpresa berrientzat, eta zerbitzurik onena eman diezaien dagoeneko ezarrita dauden enpresei”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate