El Correo

Larunbatean irekiko da epea Montehermoson antolatutako Arte Grafikoaren Jardunaldietako lantegietan izena emateko

Montehermoso kulturuneko jardueren barruan, azaroaren 9tik 19ra arte Arte Grafikoaren III. Jardunaldiak egingo dira, eta izena emateko epea larunbat honetan, urriak 22, irekiko da.

Arte Grafikoaren Jardunaldien hirugarren edizioan autoedizioa izango da gai nagusia, zabaltzen ari den fenomenoa baita, batez ere informazio eta komunikazio teknologiei esker.

Jardunaldien helburua da grabatuaren, ilustrazioaren edo argazkigintzaren alorretako autoedizioa ezagutaraztea, hitzaldi irekien eta lantegi praktikoen bidez. Orobat, gure inguruan urtero egin ohi diren bost autoedizio azoken arteko topaketa egingo da, horiek egileak eta publikoa elkartzeko balio baitute.

Azaroaren 9an (asteazkena) inauguratu eta aurkeztuko dira jardunaldiak, eta Jorge Oteiza fundazio museoko zuzendariorde Juan Pablo Huérfanosek hartuko du parte, AutoEdit eta DIWO (Do It With Others) erakustaldien komisarioa baita. Hilaren 10ean (osteguna) autoedizio azoken arteko topaketa izango da, eta besteak beste, La Fugaz, Inclasificables, EA! eta Guillotina egongo dira ordezkatuta. Azaroaren 12an eta 19an (larunbatak), azkenik, gaiari buruzko hitzaldiak eta lantegiak izango dira. Horretaz gain, azaroaren 21etik abenduaren 16ra bitartean “Grabatu eta inpresio autoedizioa” lantegiaren emaitzak erakutsiko dira, dokumentazio zentroan.

Arte eta Lanbide Eskolak eta “Ilustrapados en Araba” elkarteak lagundu dute jardunaldiak antolatzen.

Izen-ematea: Lantegietan izena emateko epea larunbatean, urriak 22, hasiko da; Montehermoso kulturunean eman daiteke izena, 945.161.830 telefonora deituz edo info.montehermoso@vitoria-gasteiz.org posta elektronikoan.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate