El Correo

Gobernu onerako, gardentasun handiagorako eta herritarren parte hartzea sustatzeko foru araua

  • Foru arau horren bitartez, Gobernu Irekiaren Ataria, Herritarren Parte Hartzerako Erregistroa eta Gardentasunaren Foru Kontseilua sortuko dira.

Diputatuen Kontseiluak onarpena eman dio Arabako Lurralde Historikoaren sektore publikoaren gardentasunaren, herritarren parte hartzearen eta gobernu onaren foru arau proiektuari, zeinaren bidez gauzatu baita foru aldundiak helburu jakin batzuk —alegia, kudeaketa egokia egitea, bere politika eta jarduera esanguratsuen plangintza eta ebaluazioa egitea eta herritarrek informazioa eskura izatea, bai eta herritarren parte hartzea sustatzea ere— betetzea ahalbidetuko duen gobernamendu eredu aurreratuaren alde egindako apustua.

Horixe da Ramiro González Arabako diputatu nagusia buru duen foru gobernuak egin duen foru arau proiektuaren funtsezko alderdietako bat. Testua Arabako Batzar Nagusietara bidaliko da, izapidetu dadin eta, gero, batzarkide taldeek onartu dezaten. Gobernu taldeak hitz egin du aurrez talde horiekin, orain abiatuko den izapidetze aldiari begira.

Foru arauaren xedea da gizarte demokratikoa sendotzea, gobernu ekintza gardena bultzatzea eta administrazioa eraginkorrago, hurbilekoago eta adeitsuago izan dadin sustatzea. Helburu horiek betetzeko, eskuarki onartzen diren zenbait gobernamendu printzipio ezarri behar dira, hala nola plangintza eta ebaluazioa, eta gardentasuna eta parte hartzea, horiexek bermatuko baitute gobernu onerako eta administrazio onerako eskubidea, baina premisa batekin: printzipio horiei ezin zaie eutsi edo ezin dute funtzionatu banan-banan, gainerako biak kontuan hartu gabe.

Arabarrei foru aldundiaren politikan parte hartzeko aukera emango dien tresna Gobernu Irekiaren Ataria izango da: Interneteko helbide bat da, foru arau hau indarrean sartzen denetik aurrera bederatzi hilabetez erabiltzeko moduan izango dena, eta edukiz pixkanaka hornituko dena.

Proiektuak proposatzen dituen neurrien artean, nabarmentzekoa da betebehar bat, hots, legealdi bakoitzean gobernu plan bat izan dadila gehienez ere urtebeteko epean, foru gobernua eratzen denetik aurrera. Gobernu plan horretan honako hauek jaso beharko dira, gutxienez: lortu nahi diren helburu estrategikoak, helburu horiek betetzeko jarduerak eta baliabideak, eta halakoak gauzatzeko ardura izango duten organoak.

Foru arauak oso irizpide zorrotzak ezarri ditu, bai foru arau aurreproiektuek eta jarduera esanguratsuek izan dezaketen eraginaren aldez aurreko ebaluazioan, bai halakoen jarraipenean eta emaitzen ebaluazioan. Horri esker, gobernu ekintzan gardentasuna zorrotzago gauzatu eta herritarrekiko konpromisoaren eta erantzukizunaren oinarriak ezarri nahi dira. Orobat, erabiltzaileek zerbitzu publikoak ebaluatzeko sistemak ere ezarriko dira.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate