El Correo

Hirugarren adinekoen elkartegiak hazi egin dira, 1.700 ikasle izateraino

  • Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak atzo aurkeztu zituen 2016/2017 ikasturtean emango diren 27 ikastaro, mintegi eta kultura taldeak

Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak atzo aurkeztu zuen hirugarren adinekoen elkartegien 2016/2017 ikasturtea. Urtetik urtera hazten ari da programa hori, eta ozta-ozta urtebetean gora egin du izena eman duten ikasleen kopuruak: 1.742 lagun izango dira. Igone Martinez de Lunak adierazi zuenez, ekimen horren helburua da “adinekoei kalitatezko kultura programa eskaintzea, zeinetan adin talde horren beharrak kontuan hartzen diren”, eta nabarmendu zuen 2.500 eskaera baino gehiago jaso direla. Hasiera ekitaldian Eduardo Anitua doktoreak parte hartu zuen, eta “El apasionante camino de la intuición a la evidencia. Investigando desde Vitoria” izeneko hitzaldiaren bidez ikasturte berriari hasiera eman zion.

27 ikastarok osatzen dute programa. Horietatik hamahiru urte osokoak izango dira, besteak beste, honako hauek: Artearen Historia, Literatura, Musika, Pedagogia, Prentsa eta aktualitatea, Helduarorako elkarrizketak, Euskara, Frantsesa eta Ingelesa; eta hamalau, hiruhilekoak: Arte Garaikidearen Historia, Informatika, Historia, Gerokultura eta osasuna, Biologia, Paleontologia, Psikologia, Pedagogia, Geologia, Antzerkirako hurbilketa eta Antzerki irakurria. Baina eskaintza hori baino gehiago da; hirugarren adinekoen elkartegiek beste lantegi hauek ere eskaintzen dituzte: memoriaren entrenamendua, oratoria, pintura, zeramika, informatikako tutoretza eta zenbait jarduera fisiko, hala nola, tai jia. Aurten, gainera, berritasunak ere izango dira, hala nola Arabaren historia, mindfullness edo erabateko kontzientzia eta solasaldiak ingelesez eta frantsesez.

Orobat, ekimenak arabarrekin lotura izaten jarraitzen du, Kultura Etxetik kanpo ere bai. Sei jarduera gehiago egingo dira Arabako Errioxan, eta elkarrizketak abian dira lurraldean eskaintza gehiago zabaltzeko.

11 jarduera Aiaran (otsaila-maiatza)

11 jarduera Berantevillan (otsaila-maiatza)

20 jarduera Santikurutze Kanpezun eta Maeztun (otsaila-maiatza)

10 jarduera Iruña Okan (otsaila-maiatza)

19 jarduera Laudion (otsaila-maiatza)

14 jarduera Erriberagoitian eta Kuartangon (otsaila-maiatza)

19 jarduera Arabako Errioxan (abendua-ekaina)

10 jarduera Urarten (azaroa-abendua)

16 jarduera Zigoitian (azaroa-abendua eta otsaila-maiatza)

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate