El Correo

Madrileko Udalerrien Federazioak Gasteiz bisitatu du, gizarte-etxeen sarea ezagutzeko

  • Ongietorria emateko ekitaldia udaletxeko harrera aretoan egin da, eta udal talde politikoen ordezkariek ere hartu dute parte

Madrileko Udalerrien Federazioko hogeita hamar kide Gasteiz bisitatu dute gaur, gizarte-etxeen sarea ezagutzeko. Taldeak –alkate eta zinegotziek zein teknikariek osatua– interes handia erakutsi du, gure ekipamenduek gizarte, kultura eta kirol baliabideak batu eta kohesionatzen dituzten aldetik. Ongi etorriko agurrean, Gorka Urtaran alkateak azaldu die gizarte-etxeek “zerbitzu integral eta integratua eskaintzen” dutela, “zeinean gasteiztar guztiok hartzen baitugu parte, gure adina edo egoera edozein delarik”.

Orobat azaldu die nola hasi zen sarea sortzen, Jose Angel Cuerda alkatearekin, eta gaur egun ere gizarte etxeak “herritarrentzako eskolatzat, gizarte kohesiorako eta bizikidetzarako eskolatzat” jotzen direla. Era berean, hamalaugarren gizarte etxea –Zabalgana auzoan– eraikitzeko lanak amaitzen ari direla zehaztu du. Gizarte etxeetatik batez beste 17.000 pertsona igarotzen dira egunero, eta ikasturte honetan 20.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena jarduera ezberdinetan. Horiei hiriko bi kirol-instalazio handiak –Mendizorrotza eta Gamarra– gehitu behar zaizkie, 90.000 abonatu inguru dutenak, hau da, biztanleen % 37.

Bisitariek Euskadiko hiriburua nolakoa den irudikatu ahal izan dezaten, Gorka Urtaranek aipatu die 2012ko Hiriburu Berdea oso hiri trinkoa dela, giza eskalan egindakoa, eta 5 milioi metro koadro berdegune baino gehiago dituela nabarmendu du. Bestetik, adinekoentzako baliabideen kopuru handia azpimarratu du, eta egunean egiten diren joan-etorrien bi heren oinez edo bizikletaz egiten direla.

Ongietorria emateko ekitaldia udaletxeko harrera aretoan egin da, eta udal talde politikoen ordezkariek ere hartu dute parte. Madrileko Udalerrien Federazioko idazkari nagusi Juan Carlos Muñozek eta erakundeko Kirol Batzordeko lehendakari César Muñozek eskerrak eman dituzte harreragatik. Ondoren, Ibaiondoko gizarte etxea eta Mendizorrotzeko kirol esparrua bisitatuko dituzte, eta Ostalaritzako Eskolan bazkalduko dute. Madrileko Udalerrien Federazioko kideek azpimarratu dute Gasteiz eredu handia dela haientzat. “Ikastera eta esperientziak trukatzera gatoz”, adierazi dute.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate