El Correo

Arabako Foru Aldundiak 2017an % 3,6 gehiago biltzea aurreikusten du

  • Diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek argi utzi du ez dela ez murrizketarik ez doiketarik egongo 2016ko aurrekontuetan

Arabako Foru Aldundiak aurkeztu du 2017an zer diru biltzea espero duen; hain zuzen ere, aurten baino % 3,6 (75 milioi euro) gehiago biltzea uste du. Gorakada hori lan atxikipenek, BEZak eta zerga bereziek, hala nola, gasolioarenak, gora izanaren ondorioz izango dela uste da.

Gaur goizean izan da Ramiro Gonzalez diputatu nagusia Batzar Nagusietan, Finantzen Euskal Kontseiluak urriaren 14an egindako bilkurako xehetasunak talde politikoei jakinarazten. Agerraldi horretan diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek argi utzi du ez dela ez murrizketarik ez doiketarik egongo 2016ko aurrekontuetan. Ildo berean, Arabako toki erakundeei lasai egoteko esan die, TEFFF bidez jasotzen dituzten baliabideek ere ez dutelako murrizketarik izango.

Izan ere, Gonzalezen hitzetan, Arabako Foru Aldundiak, 2016an, 2.054,5 milioi euro biltzea espero du. Hau da, iaz baino % 3,1 (61,4 milioi) gehiago. Dena dela, gorakada hori ez da aurreikusitakora (% 5,5) heltzen.

Zerga bakoitzaren azterketa zehatzagoa eginez gero, nabarmendu behar PFEZaren bidez bildutakoaren gorakada (+ % 4,2), batez ere lan atxikipenen gorakadaren (% 2,8) eta errenta kanpaina hobe baten ondorio dena, zeinak 2015arekiko % 33,3 gora egin duen.

Aldundiak kudeatu beharreko BEZak ere eragin du 2016rako aurreikusitako diru bilketaren gorakadan, aurreikusitako gorakada hori % 3,3koa izan baita. Deigarria da, halaber, hiru aldundietako doiketak kontuan izanez gero, 2016an bildutako dirua 2007koaren parekoa dela, eta orduan bildu zela epigrafe horretan inoiz baino diru gehiago.

Zerga horren bilakaerak erakusten du gora egin duela barne kontsumoak Arabako lurralde historikoan, batez ere zerbitzuen sektorearen eraginez. Eta hori guztia nahiz eta BEZa kaltetua izan den industria sektorearen esportazioen gorakadarengatik, horiek, BEZa ordaintzetik salbuetsita daudenez gero, moteldu egiten baitute diru bilketa lurraldean, eta petrolioak salneurri apalei eusteagatik.

Aurreikusitakoak baino baliabide gehiago

Sozietateen gaineko zerga dela eta, zergak Arabako araudiaren arabera ordaintzen dituzten erakundeek gora egin dute iazkoekin erkatuz gero. Nabarmentzekoa da, berriz, Araban zergak Estatuaren araudiaren arabera ordaintzen dituzten enpresen eragin ezkorra. Izan ere, zerga bidezko horien ekarpenak behera egin du Estatuko Gobernuak 2015eko azken aldera ezarritako aldaketen ondorioz.

Horrek guztiak, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezen iritziz, erakusten du zer bilakaera ongarria izan duen 2013an onartutako zerga araudi aldaketak. "PFEZaren kanpainaren eta zergak Arabako araudiaren arabera ordaintzen dituzten sozietateen bidez bildutako diru gehiago horrek azken zerga erreforma positiboki balioestea ahalbidetzen digu”, adierazi du.

Gonzalezek azaldu du, halaber, aldundien arteko doiketak egin ondoren, Arabak aurrekontuetan jasotakoak baino baliabide gehiago izango dituela eta gogorarazi du banaketa ereduak ere mesede egin diola aurten gure lurraldeari. Horrako horrek aipamen egiten dio Doiketaren Funts Orokorrari, zeina hiru lurraldeen artean banatzen den, koefiziente horizontalaren % 99 bete ahal izan dezaten.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate