El Correo

Urriaren 25ean hasiko da Herritarrentzako Eskola Irekia, Europa biltzar jauregian

  • Lehenengo edizioan guztira 13 jarduera (solasaldiak, ikastaroak, jardunaldiak eta hitzaldiak) antolatu dira, urritik maiatzera bitartean, eta amaiera maiatzaren 27an izango da

Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi ordezkari Isabel Martínezek Herritarrentzako Eskola Irekia (HEI) aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Urriaren 25ean izango da hasiera-hitzaldia, 18:00etan, Europa biltzar jauregian: “XXI. mendeko herritarrak. Javier Sádaba eta Estibaliz Ruiz de Azuaren arteko elkarrizketak“.

Lehenengo edizioan guztira 13 jarduera (solasaldiak, ikastaroak, jardunaldiak eta hitzaldiak) antolatu dira, urritik maiatzera bitartean, eta amaiera maiatzaren 27an izango da.

Martínezek azaldu duenez, “Herritarrentzako Eskola Irekiaren xedea da topaketarako eta prestakuntzarako espazioak sortzea, eta herritarrak motibazio eta prestakuntza handiagoz parte hartzera bultzatzea komunitatean eta haiei dagozkien erabaki publikoetan. Azken batean, parte-hartzearen alorrean dugun kultura hobetzen laguntzeko asmoz sortu da.”

2015-2019 agintaldirako Herritarren Partaidetzaren Planaren bidez talde politikoek hartutako konpromisoaren emaitza da Herritarrentzako Eskola Irekia. Nahi duen orok hartu ahalko du parte, banako edo talde gisa (ordezkari politikoak, teknikariak, herritar erakundeak, etab.), hainbat modutan: jardueretan parte hartuz, beste batzuk proposatuz, edo ebaluatzen lagunduz.

Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina aldez aurretik izena eman beharko da, lekuak bete arte. Udalaren web-orrian, 010 telefonoan edo herritarrei laguntzeko bulegoetan eman ahalko da izena. Zeinu hizkuntzako interpretea izango da hitzaldietan, eta haurtzaindegi zerbitzua ere eskatu ahalko da, gutxienez bost egun lehenago.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate