El Correo

Aldundiak foru garraio lineen maiztasuna handituko du azarotik aurrera

  • Bidaiari kopuruak % 21 egin du gora urtarriletik irailera bitartean

Azaroan, Arabako Foru Aldundiak zerbitzu kopurua areagotuko du bere eskumeneko errepide bidezko herri arteko zortzi garraio lineatan, maiztasunak handitu eta beste herri batzuetan ere geralekuak jartzeko helburuarekin. Urtarriletik irailera bitartean, guztira 499.923 bidaiarik erabili du foru garraioa, 2015ean aldi horretan baino % 21 gehiagok.

Zerbitzu areagotze horrek onura ekarriko die Araba Erdialdeko emakidako 1, 3, 4, 6 eta 13 lineei (Gasteiz/Zigoitia, Aramaio/Arrasate, Gasteiz/Narbaxa, Gasteiz/Kanpezu/Lizarra eta Gasteiz/Langraiz Oka/Bóveda), eta Arabako Errioxako emakidako 7, 8 eta 9 lineei (Gasteiz/Lagran, Logroño/Oion/Guardia eta Gasteiz/Logroño).

Neurri horrek azaro erdialdetik aurrera izango du eragina, eta honako hauek ahalbidetuko ditu: Arriola, Gordoa eta Galarreta herriei zerbitzua ematea, neguko hilabeteetan ere Urizaharra herrian ohiko zerbitzuari eustea eta maiztasun handiagoak jartzea. Josu López Ubierna Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko diputatuak azaldu duenez, “Azken helburua da, batetik, foru garraioaren zerbitzu publikoa hobetzea, giltzarri baita Arabako gizarte eta lurralde kohesiorako, eta, bestetik, erabiltzaileen eskaerei erantzuna ematea”.

López Ubiernak agerraldia egin du gaur Batzar Nagusietan, Mugikortasunaren Plan Zuzentzailearen garapenaren nondik norakoak azaltzeko eta ekitaldi honetako bidaiarien datuak jakitera emateko, eta agerraldi horretan iragarri ditu aipatutako berritasunak ere. Urtarriletik irailera bitartean, guztira 499.923 lagunek erabili dituzte foru erakundeak kudeatzen dituen autobus lineak, hau da, 2015eko aldi berean baino % 21 gehiagok.

Urteko lehen bederatzi hilabeteetan, Arabako Errioxako emakidako lineetan bidaiari kopuruak % 28,6ko igoera izan du; Araba Erdialdeko emakidako lineetan, berriz, % 18koa, eta Aiarako emakidari dagozkion lineetan, %16koa. “Oso bilakaera positiboa da, eta honako hauei esker gertatu dela uste dugu: maiztasunak eta ibilbideak hobetu izanari, BAT txartela eta bere abantailak sartu izanari eta autobus moderno eta erosoagoak jarri izanari esker, alegia”.

“Berariaz eskerrak eman nahi dizkiet arabarrei, emakida berriei ematen ari zaien erantzunagatik, bai eta BAT txartelaren erabilera handiagatik ere. Dagoeneko, gure lineen bidaiarien ia erdiek txartel horren bidez ordaintzen dute”, nabarmendu du diputatuak.

Mugikortasunaren Plan Zuzentzailearen garapenean honako hauek izango dira hurrengo mugarriak: urtea amaitu baino lehen Bilbo-Logroño linearen emakida berria abian jartzea, maiztasun handiagoekin eta prezio merkeagoekin; 2017. urte hasieran Miranda/Gasteiz/Durango linea lizitatzea, funtsezko hobekuntzak sartuta; eta datorren urtean eskualde garraio zerbitzu berria lizitatzea.

López Ubiernak zerbitzu berri horren lerro nagusiak azaldu ditu: garraio erregularrik ez duten herrietako biztanleak eskualdeko toki nagusietara hurbiltzeko zehaztutako ibilbideak; erreserbak web eta telefono bidez egiteko sistema zentralizatua; eta BAT txartela sartzea. Halaber, baieztatu du saila aztertzen ari dela zerbitzu hori asteburuetan ere eskaintzeko aukera.

Amaitzeko, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak iragarri du datozen hilabeteetan gailu mugikorretarako aplikazio berri bat martxan jarriko dutela, foru garraioaren erabiltzaileei aukera emango diena geltoki bakoitzean hainbat lineatako autobusen pasoko denborak zein diren jakiteko. Aplikazio horrek, zeina ibilgailuek txertatuta dituzten GPS sistemetan oinarrituta baitago, ordutegi eta ibilbideei buruzko informazioa ere emango du.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate