El Correo

Arabak laguntza emango dio Las Cuatro Torres elkarteari, jarduera eskaintza handitu dezan

  • Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak beste hitzarmen bat izenpetu du Arabako pentsiodun, erretiratu eta alargunen elkartearekin, lantegiak, ikastaroak eta bidaiak egiteko eta boluntariotza programa gauzatzeko

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE), Arabako Foru Aldundiaren mendeko erakunde autonomoak, beste lankidetza hitzarmen bat izenpetu du Las Cuatro Torres elkartearekin jarduera programa bat egiteko, zeinetan berritasun esanguratsuak izango baitira, besteak beste adinekoentzako lantegi eta hitzaldi gehiago.

Foru aldundiak eta Arabako pentsiodun, erretiratu eta alargunen elkarteak hitzarmen berri hau izenpetu dute bi erakundeen arteko “lankidetza eta elkar ulertzeari” esker; halaxe nabarmendu du Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatuak, eta berriz esan du Arabako Foru Aldundiak Las Cuatro Torres elkartearen lana babesten duela, elkarte hori “lurralde historikoko adineko asko eta askoren ordezkari” delako. Foru diputatuak nabarmendu du elkarteak daukan “inplikazioa” zahartze aktiboa sustatzeko jarduerak abian jartzean, “pertsonak zahartzen diren heinean haien bizi kalitatea hobetzea” xedetzat hartuta.

Hitzarmen berri horren bidez, GOFEk 110.000 euroko laguntza emango dio elkarteari adinekoen gizarte sustapenerako jarduerak egin ditzan; besteak beste, boluntariotza programa eta kultura eta jolas jarduerak bultzatzekoak, elkartearen eskualdeetako taldeek egiten dituztenak barne.

Las Cuatro Torres elkarteak nabarmen areagotu du lantegi eta hitzaldien eskaintza, gero eta jende gehiagok eskatzen baititu. Bereziki, informatika ikastaroak; sei eman izan dituzte orain arte, eta zortzi emango dituzte aurrerantzean, eta hastapenak edo sare sozialak ez ezik, gai aurreratuagoak ere landuko dituzte, besteak beste bideoak nola egin eta telefono adimendunak eta tabletak nola erabili. Sukaldaritza eta gozogintza ikastaroaren ordu kopurua ere bikoiztu egin dute.

Jarduera tradizionalez gain, hala nola antzerki ikastaroa, abesbatza, eskulanen lantegia, literatura lehiaketa, mahai jokoen txapelketa eta bidaiak zein txangoak, berriak ere izango dira: barreterapia lantegiak, testamentu eta herentziei buruzko hitzaldiak eta zahartze aktiboari buruzko programa. Boluntariotza programari ere eutsiko diote; izan ere, programa horretan Las Cuatro Torres elkarteko hogei bazkidek parte hartzen dute, eta lurralde historikoko beste adineko batzuei laguntzen diete bakardadeari konponbidea jartzen edo bakardade egoerak gozoago egiten.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate