El Correo

Gasteizek 33 desfibriladore ditu udal kirol instalazio eta eraikinetan

  • 2009tik, 451 udal langilek jaso dute bihotz-birikak suspertzeko teknikei buruzko prestakuntza

Gasteizko hogeita zazpi udal eraikin daude kardio-babestuta, horietan 33 desfibriladore automatiko banatu baitira erabiltzaile eta langileen esku, bihotz- eta arnas-gelditzerik gertatzen bada ere.

Leku hauetan banatu ditu udalak aipatutako tresnak: kirol-instalazioak, Principal antzokia, Europa biltzar jauregia, autobus-geltokia, San Martineko bulego teknikoak, Montehermoso jauregia eta San Prudentzio egoitza. Agirrelandan ere badira hiru desfibriladore eramangarri, Udaltzaingoak eta suhiltzaileek erabiltzerik izan ditzaten.

Desfibriladore automatikoek bihotz- eta arnas-gelditzea diagnostikatu eta tratatzeko gauza dira. Bihotz-gelditze posible baten aurrean erabiltzaileei zer egin behar duten adierazten diete entzunezko aginduen eta irudien bidez. Gailuak berak erabakiko du deskarga egitea beharrezkoa den.

2009an hasi zen Udala bertako langileak prestatzen, tresna horiek zuzen erabiltzen eta bihotz-birikak suspertzeko maniobrak egiten ikas zezaten. Geroztik, 451 udal langilek hartu dute parte ikastaroetan.

Duela gutxi, zinegotziek ere hartu dute parte Arabako Medikuen Elkargoak eta Udalak berak antolatutako saio teoriko-praktiko batzuetan; herritarrei irekitako saioak ziren, eta 180 leku eskaini ziren guztira.

Osasun Publikoaren Zerbitzuak prestakuntza DBHko 4. mailako ikasleengana iristea ere nahi du. “Nerabeak istripu baten aurrean ahalik eta azkarren esku hartzeko prest egon daitezen nahi dugu. Gure ustez, lehentasunezkoa da lehen laguntzei buruzko ezagutzak jasotzea”, azaldu du arloko zinegotzi Peio López de Munainek.

Horrenbestez, nahi duten ikastetxeetan “Oinarrizko bizi euskarria eta bihotz-biriketako bizkortzea” ikastaro teoriko-praktikoak (4 ordu guztira) egin ahalko dituzte. Udalak Gurutze Gorriarekiko lankidetzan eskaintzen ditu ikastaro horiek, ikasleek larrialdi egoera batean nola jokatu behar duten eta bihotz-birikak suspertzeko maniobrak nola egiten diren ikas dezaten. “Bizitza salbatzeko gaitasunak eskuratu ditzaten nahi dugu, zer egin behar duten argi eta erraz azaldu”.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate