El Correo

Urtaranen gobernuak 180.000 euro jarriko ditu Gasteiz On elkarteari bertako merkataritza dinamizatzeko lanean laguntzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteiz On elkartearekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du, urtean zehar bertako merkataritza sustatzeko antolatzen dituen jardueretarako. Udalak 180.000 euro jarriko ditu guztira, 318.850 euroko aurrekontu osoa duen jarduera-programa finantzatzeko.

Udalaren diru-laguntzaren ia heren bat (56.000 euro) Gasteiz On-ek urtean antolatzen dituen bi moda-desfileetarako da; azkena duela egun gutxi amaitu zen. Horietaz gain, beste jarduera hauek lagunduko dira diruz: Ardoaraba (30.000 €), Eguberrietako kanpaina/Merkagune (21.500 €) eta udako kaleko merkataritza feria eta ibilbide gastronomikoak (15.500 €).

Ostalaritzarekin lotutako beste hiru ekimenek ere jasoko dute laguntza ekonomikoa: Goilararen hamabostaldia, Egile mokaduak (Aste Santuan), eta Kafearen astea; horiek 16.500 euro jasoko dute guztira. Beherapenen ferian eta ezkontza eta beste zeremonia batzuen ferian, laguntza ekonomikoaz gain, Udalak doan uzten dizkio Europa jauregiko aretoak (Olarizu aretoa) Gasteiz On elkarteari.

Diruz lagundutako jardueren zerrendan sartzen dira halaber “bizikleten lagun” diren saltokien ekimena, haurrentzako lantegiak, eta alderdi jakinetako jarduerak eta lankidetzak.

“Merkataritza eta ostalaritza hiriko bizitzaren pizgarri handiak dira. Horregatik, gizarte-eragile orok batu behar ditugu indarrak horiek sustatzen eta dinamizatzen, erakundeok zein alorreko elkarteek. Horixe da honelako hitzarmenen helburu nagusia: indarrak koordinatu eta batzea bertako merkataritzaren alde”, adierazi du alkate Gorka Urtaranek.

Gasteiz On-ekiko eta antzeko elkarteekiko lankidetza 2015-2022rako Gasteizko Merkataritza eta Ostalaritza Planean aurreikusitako sei ildo estrategikoetako bat da. Dokumentu horrek 55 neurri jasotzen ditu, merkataritza eta ostalaritza lehiakorragoak eta modernoagoak lortzeko asmoz.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate