El Correo

Udal gobernuak 2017rako egin duen zerga proposamenak OHZ eta gainbalioaren zerga jaistea, EIOZ izoztea eta zentzuzko igoerak barne hartzen ditu

Gasteizko Udaleko Gobernu Batzarrak 2017rako ordenantza fiskalen proiektua onetsi du gaur goizean. Urtaranen gobernuak onetsi duen proposamenaren arabera, ondasun higiezin gaineko zerga (OHZ) eta lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga (gainbalioa) jaitsi egingo dira; eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga (EIOZ) izoztu, eta tasa eta prezio publiko batzuetan zentzuzko igoerak izango dira, % 1,62 eta % 15 bitartekoak. Beste batzuk izoztu egingo dira. Oro har, lau kide dituen familia batek hilean 3,18 euro gehiago ordainduko lizkioke Udalari datorren urtean.

“Proposatzen ditugun igoerak arrazoizkoak eta eramangarriak dira, zentzu komunez egindakoak. Proposamen errealista da, neurritsua, gehiegizko igoerarik ez duena eta justizia sozialeko printzipioetan oinarritua. Gogoan izan behar dugu kontu-hartzaile nagusiak behin eta berriro ohartarazi diguna, alegia, Udalak zailtasunak dituela aurrezpen garbia sortzeko, eta horrek sarrerak handitzera eta gastuak murriztera behartzen gaitu”, azaldu du alkateorde eta Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Zergei dagokienez, OHZren batez besteko jaitsiera % 6 ingurukoa da. Aurreikusi da ia 2,7 milioi euro gutxiago jasoko dela. Gainbalioa, berriz, % 35 jaitsiko da batez beste; horrenbestez, diru-bilketa 6,5 milioi euro jaitsiko da. EIOZ izoztu egingo da, eta beste bi zerga, igo. Zehazki, ibilgailuen zerga eta EJZ % 10 igoko dira.

Tasa eta prezio publikoei dagokienez, batzuk, hezkuntzarekin lotutakoak esaterako, ez dira igoko. Amvisaren zerbitzua, berriz, % 1,62 igoko da, eta zaborren tasa eta hondakinak zabortegira eramatea, % 15 (urtean 8 euro 120 metro koadro baino gutxiago duten etxebizitzetan). Gogoan izan behar da tasa horrek zerbitzuaren kostuaren % 55 baino ez duela estaltzen orain. Gizartegintzarekin eta lanerako prestakuntzarekin lotutako prezio publikoak % 5 igoko lirateke, eta gainerakoak, % 10. Esate baterako, kirol-instalazioei, pasabideei, hilerriei, TAOri eta mahaitxoei dagozkienak.

Ogasuneko zinegotziak adierazi duenez, gaur udal taldeei aurkeztu zaien zerga proposamena Udalaren eta familien egoera ekonomikoa aintzat hartuz egin da, eta zerbitzu publikoen kalitateari eustea du gidari. “Kontu-hartzaile nagusiak bost urte baino gehiago darama aurrekontuari, likidazioari eta Udalaren kontu orokorrari buruzko txostenetan ohartarazten Udalak, haren egoera ekonomikoa dela kausa, ezin duela aurrezpen garbirik sortu, eta ezinbestekoa dela sarrerak handitzea, gastuak murriztea edo biak batera egitea. Guk hirugarren aukera horren alde egin dugu, alegia, sarrerak zentzuz igotzea eta eraginkorrak ez diren gastuak kentzea”, adierazi du Itziar Gonzalok.

Zerga proposamenak izango lukeen eraginaren ikuspegi zehatzagoa izatearren, eredutzat hartu da lau kideko familia bat, garajea duen etxebizitza baten jabea eta udalaren kirol instalazioetara abonatuta dagoena, eta horrelako familia batek ordaindu ohi dituen kontzeptuetan (zabor tasa, ur-kontsumoa, kirol-instalazioak, ibilgailuen zerga eta OHZ) egingo liratekeen igoerak eta jaitsierak zenbatu. Horren arabera, urtean batez besteko igoera 38,24 euro litzateke, hau da, 3,18 euro hileko eta familia bakoitzeko.

Joan den uztailean fiskalitateari buruzko batzorde txostengileak hurrengo urteetarako emandako jarraibideak hartu ditu kontuan EAJ-PSEren gobernuak, beti ere tokiko ogasunaren oreka ekonomikoa lortzeko xedez.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate