El Correo

Aldundiak N-124 errepidearen eraberritze lanak eta Berantevillako saihesbidea lizitatuko ditu 23 milioi euroan

  • Bide horren Arabako tarteko bi bidegurutze arriskutsuenei irtenbidea emango die

Diputatuen Kontseiluak erabaki du N-124 errepidea eraberritzeko lanak eta Berantevillako saihesbide berria eraikitzekoak lizitatzea, gehienez ere 23,2 milioi euroko aurrekontuarekin, eta gauzatze epea 28 hilabete izango delarik. Esleipena 2017. urte hasieran egingo da, eta lanak, ziur aski, datorren udaberrian hasiko dira.

Aldundiak gauzatuko du proiektua eta, horri esker, errepide horren Arabako tarteko bi bidegurutze arriskutsuenei konponbidea emango die, lotune berri baten bidez Berantevilla, AP-68 eta Miranda Ebrorako sarbide segurua bermatuko du, eta Lacorzanillako industrialdearekiko lotura hobetuko.

Urtarrilean Arabako Batzar Nagusietan mozio bat onartu zen, N-124 errepideko puntu gatazkatsu nagusiei irtenbidea emateko, puntu horien ondorioz errepide hori lurralde historikoko istripu ugariko tarteen artean aipatzen baita aldizka, eta, hain zuzen, mozio horretan ezarritakoa beteko du proiektuak, zeinak nekazaritzako ibilgailuak ibili ahal izateko neurriak ere jaso baititu.

Hartutako irtenbideak Berantevilla eta Zanbranako udalekin eta UAGA elkartearekin ere landu dira. N-124 errepidearen eraberritzeak kendu egingo du gaur egun errepide hori Berantevillarekin eta Lacorzanillako industrialdearekin lotzen duen bidegurutze arriskutsua. Berantevillaren eta N-124 errepidearen arteko lotura egingo da behin obrak amaitu ondoren, herrigunearen hegoaldean saihesbide berri bat eginez, 3,6 kilometro luze izango dena, lotune berriarekin desnibelean lotuko dena eta AP-68 autobiderako, Miranda Ebro eta Lacorzanillarako sarbide segurua eskainiko duena.

Lotune berri horrek, beraz, kendu egingo du N-124 errepidearen arabar zatiko bigarren bidegurutze arriskutsua. Errepidea eraberritzeko lanek Ihuda ibaiaren gaineko zubitik Zanbranako sarrerara arteko hiru kilometroak hartuko dituzte. Tarte berrian, igarobide berria eraiki beharko da Ihuda ibaiaren gainean, galtzada bikoiztu 2,5 kilometroko zatian, eta azeleratzeko eta abiadura moteltzeko errei berriak eraiki, N-124 errepideko sartze-ateratzeak segurtasunez egin ahal izan ditzaten gidariek.

Berantevillako saihesbideari dagokionez, esku hartze horri esker erantzuna emango zaio azken urteotan hazi egin den Arabako udalerri horren beharrei; izan ere, bertako gaur egungo zeharbidea estua da, eta ibilgailuak igarotzeko zailtasunak eta bide segurtasuneko arazoak sortzen dira. Aipatutako ingurabideak, gainera, hobetu egingo ditu inguruko beste herri batzuetarako lotuneak.

Proiektu horrekin batera, A-2120 errepidea eta Lacorzanillarako sarbidea egokitzeko eta hobetzeko lanak ere izapidetzen ari dira. Bidegurutze hori eta industrialderako sarbidea bera hobetu egin behar dira segurtasun handiagoa eskainiko bada, eta galtzada zabalagoa egin, ibilbide hori erabiltzen duten ibilgailu astun ugariak eta nekazaritzako ibilgailu mordoak erosoago ibiliko badira. Orobat, Lacorzanillara sartzeko zerbitzu bidearen zatia eraikitzeko aukera aztertu da, bai eta N-124 errepidean Harorako noranzkoan doazen ibilgailuentzako behin-behineko lotunea egiteko ere. Neurri horiekin, Berantevilla eta Zanbranako udalek eta UAGAk proposaturik, eragotziko da Ihuda ibaiak gainezka egiten duenean industrialdea komunikabiderik gabe geratzea eta AP-68 errepidearen peko igarobidea ixtea.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate