El Correo

Erakustaldiak hiriaren erdialdean, hitzaldiak eta argazki-erakusketa bat egingo dira Gasteizen Emakume Errugbilarien I. Topaketaren barruan

Aste honetan Emakume Errugbilarien I. Topaketa egingo da Gasteizen, hainbat jardueraren bidez emakumeek kirolean duten papera aldarrikatzeko. Gaurtik hasita urriaren 8ra arte garatuko da ekimena, Gasteizko Udalaren eta Udalbiltza partzuergoaren arteko lankidetza-hitzarmenari esker.

Berdintasunerako zinegotzi Jaione Aguirrek eta partzuergoko lehendakari Luis Intxauspek aurkeztu dituzte gaur goizean proiektua eta horren barruko ekintzak.

Batetik, gaurtik larunbatera arte, Euskal Herriko emakume errugbilarien argazki erakusketa ikusi ahalko da Montehermoso kulturunean.

Asteazkenean, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko (IVEF) areto nagusian, “Hobekuntza Teknikorako Zentroak (HTZ): maila olinpikoko emakumezkoen errugbi proiektua” hitzaldia emango dute goi mailako kirolarien prestatzaile fisiko eta EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zientzien Fakultateko doktore eta ikerlari Julio Callejak, HTZko Teknikari Mari Mar Garcíak eta Euskadiko Errugbi Federazioko zuzendari tekniko eta HTZ Errugbi Proiektuaren arduradun José Miguel Galdosek. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikasle eta irakasleei, kirol prestatzaileei, goi mailako kirolariei eta errugbilariei zuzenduta dago hitzaldia.

Ostiral goizean, Plaza Berrian errugbi zelai artifiziala jarriko da, eta Gasteizko ikastetxeetako zein errugbi eskoletako hamalau urtetik beherako umeek hastapen ikastaro batean parte hartzeko aukera izango dute. Irakasleek eta speakerrek azalduko dituzte errugbiaren arauak eta balioak.

Larunbatean, Euskal Herriko Emakume Errugbilarien Txapelketa jokatuko da Gamarrako instalazioetan: Araba, Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko taldeak lehenengo aldiz arituko dira elkarrekin. Txapelketa bukatutakoan, Gaztedi taldeko Estibalitz Apiñanizen ibilbidea aitortuko da.

Berdintasunerako zinegotzi Jaione Aguirrek ekimena goraipatu du, eta nabarmendu: “kirolak desberdintasun-esparrua izaten jarraitzen du, eta horri behin betiko amaiera eman behar zaio. Erakundeek, elkarteek eta hedabideek gure emakume kirolariak lortzen ari diren garaipenak zabaltzen lagundu behar dugu, asmo adierazpen hutsetan geratu gabe. Gasteizko talde, jokalari eta teknikoek ahalegin handia egiten dute astero kirol proiektuak aurrera ateratzen edo horietan parte hartzen, eta herritarrek aintzat hartu behar dituzte. Topaketa hau lagungarria izango da herritarrek errealitate hori ezagut dezaten, era ludiko eta parte-hartzailean. Gainera, topaketa honen bidez kirolaren berezko balioak ere sustatzen dira, eta horien zabalkundea oso positiboa dela uste dugu”.

Udalbiltza partzuergoko lehendakari Luis Intxauspek, berriz, Gasteizko Udalak onetsitako hitzarmena positibotzat jo du, hark bultzatu baitu ekimena, eta adierazi du: “tokiko ekonomia eta garapenari buruzko ezagutzan inbertitzea, unibertsitateko ikasleen prestakuntzan inbertitzea, eta emakumeen kirolean inbertitzea lurralde kohesioan inbertitzea da, eta horixe da Udalbiltza izateko arrazoi handietako bat”. Intxauspek azaldu duenez, “hitzarmena bi erakunde publikoren arteko lankidetzaren emaitza da, gure lurraldearen kohesioak aurrera egin dezan, lan horrek giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak behar baititu, eta Udalbiltzak zorroztasun handienaz erabiliko dituela hitz ematen du”. Partzuergoko lehendakariak esan du hitzarmena Udalbiltzak EHUrekin zein beste erakunde publiko batzuekin sinatutakoen jarraipena dela, eta pozik agertu da Gasteizko Udalak erakutsitako borondatearekin.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate