El Correo

TUVISAk 10 autobusen erosketa esleitu du, eta 2017an iritsiko dira Gasteizera

  • 2016an, autobusek 9.351.307 erabiltzaile izan dituzte, aurreko urtearen aldean % 5,53ko hazkundea

TUVISAko Administrazio Kontseiluak Gasteiz 10 autobus artikulatuz hornitzeko kontratua Mercedes enpresari esleitzea onetsi du gaur, 3.550.000 milioi euroren truke. Udalaren garraio enpresak bi eskaintza jaso zituen, baina Kontratazio Mahaiak horietako bat kanpoan uztea erabaki zuen, ez zuelako betetzen preskripzio teknikoen agirian jasotako gutxieneko betekizunetako bat. Udaleko talde politikoek martxoan erabaki zuten flota berritzeari eta modernizazio planari ekitea. Hasteko, hamar unitate artikulatu eta diesel eskuratzea erabaki zen, eta emisio araudi zorrotzena (Euro VI) bete behar zutela. Kontrataziorako hamar urtetarako mailegua baliatzearen alde egin zen.

“Gaur azken pausoa eman dugu autobusak eskatzeko, eta Gasteizko kaleetan 2017ko lehen hiruhilekoan ikusi ahal izatea espero dugu”, azaldu du TUVISAko lehendakari Itziar Gonzalok “Hirian erosi ziren azken ibilgailuak 2009koak dira, beraz, funtsezkotzat jotzen genuen flota berritzeari ekitea. Eta helburua bete dugu”.

Itziar Gonzaloren hitzetan, “udal gobernuak konpromiso argia du TUVISArekin eta hura modernizatzearekin, herritarrentzako zerbitzu erakargarri eta egokia izateko lan egitea baita gure helburua. Horretarako, zenbait ekimen abiatu nahi dugu gure finantza ahalbideen barruan, esaterako, agintaldi honetan beste hamar ibilgailu berri izatea. Orobat, kotxetegiak lekuz aldatzeko eta berdimentsionatzeko eta lantegiak eta bulegoak berritzeko proiektua garatzen jarraitu behar dugu. Gainera, garabi flota osoa berritu dugu, 4 unitate berri erosi eta dagoeneko lanean ari baitira, eta uniforme berriak izateko prozesua ere hasi dugu. Bestetik, azken urtean hobekuntza ugari egin dira Artiumeko aparkalekuan, hala nola kudeaketarako makineria berria instalatu, luminariak berritu, edo azpiegiturak zituen hezetasun arazoak konpondu”, azaldu du Itziar Gonzalok.

Bidaiariei buruzko azken datuek TUVISAko garraioak Gasteizko herritarrentzat duen erakargarritasuna egiaztatu dute berriro. 2016an, autobusek 9.351.307 erabiltzaile izan dituzte, hau da, beste errekor absolutu bat lortu da, eta aurreko urtearen aldean % 5,53ko hazkundea. Dena den, tarifen inguruko igoera moderatu batekin bere finantziazio eredua egonkorragoa izango litzateke, eta ondorioz zerbitzua modernizatu eta hobetzea errazago bihurtuz.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate