El Correo

Euskal Zinema Dokumentalaren II. Astea abiarazi du Vital Fundazioak

  • Emanaldien ostean, solasaldia egingo da dokumental bakoitzaren egileekin

Vital Fundazioa Aretoa izango da, urriaren 3tik, astelehena, aurrera, Euskal Zinema Dokumentalaren bigarren edizioaren lekukoa. Hitzordu horretan, Euskadiko profesionalek zuzendutako gai anitzetako sei dokumental gozatzeko aukera izango da. Gainera, emanaldien ostean film bakoitzaren zuzendariekin egingo diren solasaldietan parte hartzeko aukera izango dute ikusleek. Saioak 20:00etan izango dira, sarrera dohainik izango da eta eserlekuak bete arte izango da sartzeko aukera.

Vital Fundazioak antolatua, Euskal Zinema Dokumentalaren Asteak protagonismoa eman nahi dio lehen ohiko Euskal Zinemaren Astean sartzen zen genero horri. Urriak 3, astelehenetik, urriak 8, larunbatera arte, jardunaldi bakoitzaren hasieran dokumentalaren aurkezpena egingo da, eta lana erakutsi ondoren, dokumentalari buruzko solasaldi-eztabaida bideratuko da.

Jaialdiaren antolakuntzakoek “euskal zinemaren profesionalei laguntzen jarraitzeko” duten konpromisoa azpimarratu dute, “ekoizpen dokumentaletarako huts hutsean den ziklo hau bezalako ekimenen bidez, aurten finkatua, iazko ikusle arrakastaren ostean, edo Euskal Zinemaren Astearen bidez, bere 33. edizioa beteko baitu datorren otsailean”. Josune Albizu Vital Fundazioaren zuzendariak erantsi duenez, “kalitatea duten adierazpen artistikoak laguntzeko erabaki sendoa du erakundeak”.

Oraingo honetan, gainera, Vital Fundazioak dokumentaletako baten ekoizpenean hartu du parte, ‘Mairuelegorreta; iluntasunetik argitasunera’ lanean, hain zuzen ere. Mairuelegorretako Euskal Jaiaren 50. urteurrenaren ospakizuna dela eta. Izan ere, Manuel Iradier Txangolari Elkartearekin sinatu duen lankidetza hitzarmen baten bidez, Vital Fundazioak ekoizpen-aurrekontuaren %30 jarri du. Dokumental honen erakustaldiak emango dio amaiera zikloari.

Astea urriaren 3an hasiko da, astelehena, Josu Martínez zuzendariaren ‘Gure Sor Lekuaren Bila’ izeneko dokumentalaren emanaldiaren eskutik. Narrazioa Hazparnen kokatzen da, 1965ean. Ikusmin ikaragarriaz estreinatu dute herriko zinema-aretoan Euskal Herriari buruz euskaraz egindako dokumentala. Hurrengo hilabeteetan Ipar Euskal Herriko beste zenbait herritan erakutsiko dute, baita Parisen, San Frantziskon eta Dakarren ere. Bere aztarna, hala ere, laster desagertuko da eta denek ahaztuko du. Hirurogei urte geroago, Josu Martínez zinemagileak lan horren bilaketari ekingo dio.

Urriaren 4an, asteartea, ‘Walls (Harresiak)’ lanaren txanda izango da, Pablo Iraburuk zuzendua. Proiektu honek harresi batek bere albo bietan daudenen bizitzan nola eragin lezakeen islatzea du helburu. Muga horietako lau baino ez ditu islatuko dokumentalak, eta gutxi dela dirudi, arduradunek azaldu dutenez, “gizateriaren historian inoiz ez da XXI. mendearen hasieran beste hesi, lubaki eta harresi inposatu”. Hori guztia erakusteko, filmaren arduradunak lau leku adierazgarri aukeratzen saiatu ziren (30 aukeratik gora izan zituzten aukeran), eta Afrikako bat aukeratu zuten (Hegoafrika eta Zimbabwe artean), beste bat Eurpa eta Afrika artean (Melillako hesia), Amerikako ezagunena (Mexiko eta Estatu Batuen artean) eta beste bat Asian (India eta Bangladesh banatzen dituena).

Urriaren 5ean, asteazkena, Pablo Iraburu, Pablo Tosco eta Jorge Martínez Mayoralen ‘District zero’ erakutsiko da. Oxfamek eta Laguntza Humanitarioa eta Babes Zibilerako Europako Batzordearen Bulegoak ekoiztu duten dokumental horrek Maamun Al-Wadiren historia kontatzen du, mundu osoan dauden 59 milioi errefuxiatu eta desplazatuetako bat. Maamun Al-Wadik denda txiki bat du Zaatarin eta eskuko telefonoak konpontzen ditu bertan, bateriak kargatzen ditu eta bere errefuxiatu-esparru kideek oraindik Siriarekin dituzten konexioak berrezartzen ditu. Bere bezeroen bitartez ikusten dugu memoria-txartelen edukia: haien iraganeko biziztzak Sirian (zoriontasuna, egunerokotasuna eta familia-bizitza), baita gerra, suntsiketa, beldurra eta ihesaldia ere.

Jorgen Leth eta Olatz Gonzálezen ‘Pelota II’ da ostegunean, urriak 6, gozatu ahal izango den dokumentala. Kirol horrek ondoen gordeta duen sekretuetako batean sakontzen du Pelota II lanak: partida bakoitzerako pilota onenen hautaketa. Jorgen Lethen ‘Pelota’ (1983) dokumentala eredu, Lethen estetika xehetasun etnografikoaren erradikaltasuneraino eramatea proposatzen du Olatz González Abrisketak, eta behin betiko filma euskal kulturaren erritualen arteko nagusitzat jotzen denari buruz egin du.

Urriaren 7an, ostirala, Bego Zubiaren ‘Sagardoa Bidegile’ lanaren txanda izango da. Urtean lau hilabetez, urtarriletik apirilera, Euskadiko sagardotegiek milaka mahaikide erakartzen dituzte, bertakoak nahiz kanpokoak. Denek bete nahi dute tradizioa: tortilla, bakailaoa, txuleta eta gazta menua dastatu eta sagardoa edan txotx egitera gonbidatzen duen ahotsa entzutean. Hau tradizio modernoa da, sustrai sakonak dituena, eta dokumental horrek bidaia eran erakutsiko du: ibilbide geografikoa, kulturala, teknologikoa eta gastronomikoa, sorpresa eta guzti.

Urriaren 8an, larunbata, itxiko da zikloa, Mikel Ezkerro zuzendariaren ‘Mairuelegorreta; iluntasunetik argitasunera’ lanaren emanaldiaz. Diktadura frankistan zehar, Manuel Iradier Txangolari Elkartearen itzalpean, hainbat jarduera abiarazi ziren, kultura tresna zutenak eta inposatutako itolarria apurtu nahi izan zuten, beste mundu eta pentsatzeko modu batzuetako aireak jasotzeko zirrikituak topatzeko. Honen estalpean, 1963an, Gorbeiako leize-zuloetan burutu zen euskal jaiaren lehenengo edizioa. Edizio horrek, batez ere, gure kultura eta hizkuntza aldarrikatzea zuen helburu, erregimenaren jarreren kontra. Horrela sortu zen ekimen hori, eta etenaldi batzuk gorabehera eta egoera politikoa eta soziala aldatu diren arren, oraindik ere egiten da, Zigoitia Euskaraz proiektuaren bultzadaz. Mairuelegorretako Euskal Jaia da, eta hitzordu horren iragana eta oraina dokumental bilakatu dira Mikel Ezkerroren eskutik.

Emanaldi guztiak izango dira Vital Fundazioaren aretoan (Bakea 5, Dendarabako 1. solairua, Vitoria-Gasteiz), 20:00etan, sarrera dohainik da eta eserlekuak bete arte sartzeko aukera izango da.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate