El Correo

Gasteizek jardunaldi teknologikoak antolatu ditu berriz ere, eta oraingoan diseinuaren sektoreko enplegu-aukerei buruzko hiru saio izango dira

Gasteizko Udalak jardunaldi teknologiko berriak programatu ditu urrirako, oraingoan diseinuaren sektorean enplegatzeko aukeren inguruan. Prestakuntza saio hauek urriaren 4an, 18an eta 25ean izango dira, eta honako alderdiak landuko dituzte, besteak beste: egile-eskubideak, diseinu-kontratua eta bezero berriak bilatzeko teknikarik egokienak. Jardunaldi teknologiko hauek langabetu eta IKT-en sektoreko profesionalei zuzenduta daude.

Lehen jardunaldia datorren asteartean izango da, “Jabetza intelektualaren legeak babesten al du diseinatzailea?” izenburupean eta copyright-a eta diseinuaren babes juridikorako tresnak izango dira langai. Bigarrena urriaren 18an izango da, “Diseinu kontratua bezero bat galtzearen beldurraren kontra” izenburupean. Bertan kontratuak diseinatzaileari zein bezeroari eskaintzen dizkion abantailak aurkeztuko dira. Hirugarrena urriaren 25ean, izango da: “Gako nagusiak bezero gehiago eta hobeak erakartzeko freelance diseinatzailea bazara“. Low cost zerbitzuak eskaintzeko tentaldirik ez izateko balioko duten diseinu lan hobeak lortzeko estrategia eta aholku baliagarriak emango dira.

“Diseinua da Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien sektoreko enplegu-gune handienetakoa, baina, hala ere, zenbaitetan jarduera abiarazteko eta finkatzeko zailtasunak dituzten langile autonomo eta enpresak ikusten ditugu. Jardunaldi hauen bidez, ibilbide profesionala diseinuaren aldetik bideratzen dutenei hainbat arlo nagusitan prestatzeko laguntza eman nahi diegu, hartara enplegu egonkor eta kalitatekoa lor dezaten” adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Jardunaldi teknologiko hauek CETICen egingo dira (Castro Urdiales kalea, 10), 18:00etatik 20:30era. Doakoak dira. Leku kopurua mugatua denez, izena eman beharra dago.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate