El Correo

Arabako Ogasunak milioi bat eurotik gorako zorrak dituzten zergadunen zerrenda argitaratuko du ostiralean

  • Diputatuen Kontseiluak zerrenda hori argitaratzea onartu du, Bizkaia eta Gipuzkoako ogasunekin koordinatuta

Diputatuen Kontseiluak milioi bat eurotik gorako zorrak edo zehapenak dituzten zergadunen zerrenda datorren ostiralean, irailak 30, argitaratzea onartu du.

Bizkaia eta Gipuzkoarekin koordinatuta, Arabako ogasunak bere web orriaren bidez (www.araba.eus) eta Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialaren bidez (ALHAO) argitaratuko du zerrenda, xedea baita “foru gobernuak iruzurraren aurkako borroka areagotzeko egin duen apustua indartzea, hori delako haren lehentasunetariko bat”.

Hain zuzen ere, datorren ostiralean argitaratuko da 2016ko martxoaren 31ko dataz milioi bat eurotik gorako zorrak edo zehapenak zeuzkaten zergadunen zerrenda, baldin eta zor edo zehapen horiek ez badira eten, geroratu edo zatikatu.

Zerrenda horretan zor edo zehapena zenbatekoa den ere agertuko da. Gainera, Datuak Babesteko Legea betez, zordunei buruzko informazioa hiru hilabetez egongo da jendaurrean, eta epe hori amaitzen denean informazioa ez da eskuragarri egongo, ezta Interneteko bilatzaileen bitartez ere.

Urtero argitaratuko da zerrenda hori, urteko lehenengo seihilabetekoan, eta aurreko urteko abenduaren 31ko dataz milioi bat eurotik gorako zorrak edo zehapenak dauzkatenak identifikatuko dira.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate