El Correo

TOURISM 4 ALL europar proiektua aurkeztu da Gasteizen, Euskadi erreferentziazko helmuga irisgarri gisa promozionatzeko asmoz

Turismoa guztientzat: irisgarritasun unibertsala sustatzea. Horixe da OMTk Turismoaren Mundu Egunean zabaldu nahi duen mezua, zeinarekin bat egin baitute hainbat euskal erakundek. Horrekin lotuta, zenbait erakundek partzuergo bat osatu zuten: batetik, EHEko hiru hiriburuetako udalak (Gasteiz, Bilbo eta Donostia), Zarautz (euskal kostaldea), Goierri (Basque Highlands) eta Arabako Errioxa; bestetik, turismo inklusiboan espezializatutako Travel For All euskal agentzia eta “Instituto Gerontológico MATIA” fundazioa. Arlo publikoaren eta pribatuaren lankidetza eredugarr horri esker, eta 18 hilabetez garatu ondoren, orain, denek batera, Europar Batasunak finantzatutako proiektuaren emaitza aurkeztu dute, TOURISM 4 ALL izenekoa. Ekimenaren emaitza zehatz gisa, Europan Euskadi helmuga irisgarri gisa promozionatzeko bideoa bat landu da, bai eta liburuxka bat ere, ororentzako 6 opor-proposamen biltzen dituena (gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez); erreferentziazko prestakuntza materiala ere landu da.

Materiala turismo inklusiboan espezializatutako europar agentziei, desgaitasunaren alorrean lan egiten duten elkarteei, turismo-agenteei eta komunikabideei helarazi zaie, Euskadi erreferentziazko helmuga irisgarri gisa sendotzeko asmoz.

Proiektua garatu duen partzuergoak Eusko Jaurlaritzaren Turismo Irisgarritasuneko Programa hartu du oinarritzat, eta ororentzako turismoarekin eta horrek dakartzan onurekin sentsibilizatutako zerbitzu-hornitzaile ugariren laguntza eta inplikazioa izan du. Sei ibilbide irisgarriez gain, turismo baliabide eta jarduera egokitu ugari identifikatu dira; horiek eta asistentzia tekniko eta pertsonaleko zerbitzuak kontuan izanik, Euskadi abangoardian jarri da merkatu-segmentu berezi eta beharrezko horretan.

TOURISM 4 ALL proiektuaren sustatzaileen ustez, bada garaia ororentzako irisgarritasunari arreta emateko. Turismo-helmugek irisgarritasunaren beharra kontuan hartzeko erronkari heldu behar diote, eta bidaiatzen duten pertsona guztiei arreta emateko gaitasuna dutela erakutsi behar dute. Haiek “bere egin dute irisgarritasun unibertsala sustatzeko konpromisoa, integrazioa bultzatu dezagun, turismoaren alorrean dugun potentziala handitzearren, eta kultura, tradizio eta behar ezberdinen arteko ulermena sustatzearren. Horregatik, gaur Euskaditik zabaltzen dugun mezua argia da: denak dira ongietorriak”.