El Correo

Gida berri batek enoturismoa sustatuko du Arabako Errioxan mahats bilketa sasoian

  • Cristina Gonzalezek “oso onak” direla irizten die bisitari eta gau emate erregistroei

Gida berri batek enoturismoa sustatuko du Arabako Errioxan, klima berezia eta eskualde horretan mahats bilketa dela-eta datozen asteetan egingo diren jarduera askotarikoak aprobetxatuz. Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak gauzatu duen material hori www.alavaturismo.eus web atariaren eta hari loturiko sare sozialen bidez zabaltzen ari da.

Gidak bisitari potentzialei informazio hau jartzen die eskura: mahats bilketaren, Arabako Errioxaren eta hango ardoen gaineko informazio orokorra, mahastizaintzako eta ardogintzako eskualde horretara iristeko ibilbide onenen informazio praktikoa eta mahastien paisaien irudiak. Horrez gain, zenbait ideia eskaintzen ditu inguruko upategiek mahats bilketa sasoian aparteko moduan garatzen duen eskaintza enoturistiko zabal eta erakargarriaz gozatzeko.

Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatuak gaur goizean eman du ekimen horri buruzko informazioa, Araba helmuga turistiko gisa sustatzeko Interneten eta sare sozialen bidez burututako ekimenak azaltzeko Batzar Nagusietan egin duen agerraldian. Ekintza horiek badute esparru bat eta da lurraldearen eskaintza bateratua taxutzeko bideratutako estrategia, zeinaren ezaugarriak baitira naturaren eta ondarearen baliabideak.

Gonzalezek azaldu du ezen turismoko web atari berriaren proiektua, joan den uztailean abiarazitakoa, eta sare sozialak erabiltzea sustapen tresnak direla Facebook edo Twitter erabiltzen duen milioika erabiltzaileen artean. “Nahiz eta denok jakin zein garrantzitsuak diren sare sozialak komunikazioaren eta turismoa sustatzearen arloan, ez da egon Arabako eskaintza turistikorik eta hutsune hori bete nahi izan dugu”.