El Correo

Aldundia landa merkataritzan prestakuntza hobetzeko Europako proiektu baten buru da

  • ‘Transform@’ proiektuak salerosketa elektronikoak eta ‘online’ salmenta ditu ardatz

Datozen bi urteotan, Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saila Europako proiektu berritzaile baten buru izango da, zeinak landa zonetan lanean diharduten saltegien prestakuntza hobetzea baitu xede. Foru erakundeak zuzenduko duen programa horretan parte hartuko dute beste herrialde batzuetako erakundeek ere, hala nola Belgika, Portugal, Grezia eta Poloniakoek.

Urte hasieran, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak ‘Transform@’ proiektua aurkeztu zuen Europako Batzordearen Erasmus + deialdira, hezkuntza, prestakuntza eta gazteriaren arloan elkartze estrategikoak bultzatzea helburu duen Lanbide Heziketaren lerroaren barruan. Europako Batzordeak proiektua onartu du eta, beraz, udazken honetan bertan hasiko dira hura garatzen.

‘TransForm@’ proiektuaren abiapuntua izan da landa zonetan jarduera ekonomikoa eta enpleguaren sorkuntza sustatzeko beharra, eta salerosketa elektronikoak eta ‘online’ salmenta eskualde horietako establezimenduetarako aukera interesgarria direlako uste sendoa. Guztira 194.715 euroko aurrekontua dauka, eta zenbateko horretatik ia 41.000 euro Foru Aldundiak gauzatuko ditu.

“Ekimenaren jomuga da Arabako eta Europako beste eskualde batzuetako landa merkataritza digitalizatu dadin bultzatzea, alegia, digitalerako transformazioa egitea, ikasketa programa baten bidez, zeinak oinarri izango baititu merkataritza elektronikorako gaitasunak garatzeko diseinatutako tresna interaktiboak. Azken helburua da sektore horri ‘online’ salmentetarako atea irekitzea, bai eta horrek dakartzan aukera guztietarako ere”, Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak azaldu duenez.

Foru diputatuak baieztatu du merkataritza Arabako Landa lurren jende hustea eteteko eta inguru horretan jende horri eusten laguntzeko jarduera dela. Haren ustez, “online” salmenta, berriz, tresna eraginkorra da herri txiki edo ertain horietan gaiak eta zerbitzuak merkaturatzeko, non hurbileko kontsumitzaile fisikoak mugatuak diren. “Biak uztartu eta ustiatzeko egiten dugu lan”, adierazi du.

Udazken honetan hasiko dira proiektua garatzen, bi urteko iraupena izango du eta landa zonetan merkataritza sektorearen lehiakortasuna eta lan aukerak areagotzeko ekintzak proposatuko ditu, hiri handietatik kanpo merkataritza sektorean lanbide karrera eta bizi proiektua gauzatzen ari diren edo gauzatu nahi duten batik bat gazteei prestakuntza ematearen bitartez.

Azaroaren 10ean, foru jauregiak hartuko du lehenengo topaketa, zeinetan bazkide guztiek parte hartuko baitute, proiektua abian jartzeko helburuarekin.

Baliabide gehiago

Cristina Gonzalezek gaur eman du Arabako Foru Aldundiak Europako prestakuntza proiektu horretan izango duen parte-hartzearen berri, langabeziari aurre egiteko abian jarri dituzten politika publikoak azaltzeko Arabako Batzar Nagusietan egin duen agerraldian: “Langabezia da herritarren kezka iturri nagusia, eta Foru Gobernuaren lehentasuna da noski, ezin bestela izan”.

“Eta ekintzen bidez erakusten dugu hori. Aurten, baliabideen bikoitza erabili dugu beharrizan handienak dituzten Arabako eskualdeetan prestakuntza emateko eta plan bereziak garatzeko, 1,2 milioi eurora arte”, nabarmendu du.

Gonzalezek jakinarazi duenez, baliabide horien bitartez honako hauek finantzatuko dira: 110 prestakuntza ikastaro, produkzio ehunak eskatutako gaiei buruzkoak, Gasteizen zein lurralde historikoko beste herri batzuetan emango direnak; enplegu anezkak Arabako hiriburuan, Laudion eta Guardian; eta ekintza bereziak, batez besteko langabezia tasa baino handiagoa duten udalerrietan.

Orobat, eta enplegu politika aktiboak bultzatzeko foru erakundeak aurrekontu gaitasun mugatua duela onartu ondoren, ziurtatu du finantzaketarako kanpoko iturrietara jotzen jarraituko dutela: “Europar Batasunaren deialdietara aurkeztu gara, eta hala jarraituko dugu. Gaur, zoriontzeko moduan gaude, lan horrek dagoeneko eman dituelako lehenengo fruituak, eta proiektu horrek ate gehiago irekiko dizkigula espero dugu”, esan du diputatuak, amaitzeko.