El Correo

Inbertsio proiektuak sustatzeko hitzarmen bat izenpetu dute Araba Garapen Agentziak eta CaixaBankek

  • Hitzarmen horrek Arabako enpresen lehiakortasuna hobetzea ere badu helburu

Araba Garapen Agentziako Administrazio Kontseiluko lehendakari Maria Pilar Garcia de Salazarrek eta CaixaBankek Araban duen Enpresa Zuzendari Luis Beltran de Otalorak lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute, Arabako enpresetan, lehiakortasuna hobetze aldera, inbertsio proiektuak sustatzeko.

Akordio horren helburua da CaixaBankek finantzazio lerro berezi bat sortzea, Araba Garapen Agentziak eskainitako industria lurra edo pabiloiak erostea izan dezaten Arabako enpresek.

Horrez gain hitzarmenak bi jardun eremu hauek ere sendotu nahi ditu. Batetik, CaixaBankek baldintza hobeak eskainiko dizkie interesa duten enpresei eta, bestetik, Araba Garapen Agentziak ahalegina egingo du industria lurzoru eta pabiloi nahikoa, ganorazkoa eta prezio lehiakorrean egon dadin jarduera ekonomikoen esku ipintzeko, nola berriak hala daudenak berrituta, enpresa horien guztien lehiakortasuna hobetze aldera. Araba Garapen Agentzia batez ere saiatuko da izapideak errazten, enpresek tokia bilatzen eta toki hori erabilgarri jartzen jardun dezaten. Horretarako guztirako, diren tokien bideragarritasun azterlana eta ikerketa egingo du, bai eta industria lurzorua prestatzeko hirigintza jarduerak eta hura garatzeko beharrezko diren beste zernahi ekintza ere