El Correo

Foru garraioa doakoa izango da irailaren 22an, Autorik gabeko Europako Eguna ospatzeko

  • Neurri horrek garraio publikoa sustatzea eta garraio publikoaren erabiltzaileei gorazarre egitea ditu helburu

Autorik gabeko Europako Eguna ospatzeko, doakoak izango dira bidaiari guztientzat datorren ostegunean, irailak 22, Arabako Foru Aldundiaren eskumen peko herri arteko autobus lineetako txartela eta eskatu ahalako taxia. Mugikortasunaren Europako Astearen baitako neurri horrek garraio publikoa sustatzea eta garraio publikoaren erabiltzaileei gorazarre egitea ditu helburu.

Europako Batzordearen Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusiak bultzatu egiten du, urtero egin dadila irailaren 16a eta 22a bitartean, Mugikortasunaren Europako Astea, autoa erabili ordez herritarrak garraio publikoa edo bizikleta erabiltzearen edo joan-etorriak oinez egitearen onurez sentsibilizatzeko. EBk toki erakundeak garraiobide horiek sustatzera gonbidatzen ditu.

Ekimen horren barruan, halaber, irailaren 22 guztietan Autorik gabeko Europako Eguna ospatzen da.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak bat egingo du Autorik gabeko Europako Eguneko ospakizunekin eta, hori dela eta, datorren ostegunean, irailak 22, doakoa izango da Arabako Foru Aldundiaren eskumen peko herri arteko autobus lineetako txartela. Linea horiek Gasteiz eta lurraldeko gainerako herriak lotzen dituzte, bai eta Arabako gainerako eskualdeak beraien artean ere.

Herri arteko errepide bidezko foru garraio zerbitzua Araba Erdialdea, Arabako Errioxa eta Aiara emakiden bidez eskaintzen da; horiei, Gasteiz eta Espejo eta Gasteiz eta Durango lotzen dituzten lineak gehitu behar zaizkie. www.araba.eus/alavabus web orrian daude kontsultagai emakida horien lineetako ibilbideak, geltokiak eta orduak.

Era berean, doakoa izango da datorren ostegunean, irailak 22, eskatu ahalako zerbitzua, landa taxi deritzona, garraio erregularrik ez duten herri txikietako herritarrak geltokirik hurbilenera eramaten dituena.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatu Josu Lopez Ubiernak dio neurri horrek foru garraio publikoaren erabilera sustatu nahi duela norberaren autoa ordezkatzeko, bai eta zerbitzu hori eta hura eratzen duten lineak ezagutaraztea eta haren ohiko erabiltzaileei gorazarre egitea ere. 326.000 lagunek baino gehiagok erabili dituzte aurtengo lehen seihilekoan Arabako Erdialdea, Arabako Errioxa eta Aiara emakiden lineak, iaz, 2015ean, baino % 23 gehiagok.

Irailaren 22an foru garraio zerbitzua erabiltzen duten bidaiariek oroitzapenezko txartel berezi bat jasoko dute, Autorik gabeko Europako Egunari berariazko aipamena egingo diona. Mugikortasunaren Europako Astearen baitakoa da ekitaldi hau. “Mugikortasun zentzunduna. Ekonomia ahalduna” da aste horren goiburua, eta mugikortasun zentzundun batek ekonomian izan lezakeen eragin onuragarria nabarmendu nahi du.