El Correo

Arabako Merkataritza eta Industria Ganbararekin egindako hitzarmenaren bidez Udalak 52.450 euro bideratuko ditu enpresak nazioartean sustatzeko, atzerrian praktikak egiteko eta lanbide orientabidea eskaintzeko

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak Udalak Arabako Merkataritza eta Industria Ganberarekin izenpetutako hitzarmenaren xehetasunak aurkeztu ditu gaur. Udalak 52.450 euroko diru-laguntza emango du ekimen honetarako. Hitzarmen honen bitartez tokiko enpresa txikien nazioartekotzea sustatuko du, atzerrian praktikak egiteko bekak handituko dira eta 40 urtetik gorako zuzendari eta profesional langabetuei lanerako orientabide programak emango zaizkie.

“Hitzarmen honek eragile sozioekonomikoekin lankidetzan aritzeko beharrari erantzuten dio, ekintza eta baliabide osagarriak jarrita, krisi ekonomikotik sendotuta atera gaitezen. Gure helburu nagusia mikroETEei nazioartekotzen laguntzea da, Arabako industriak esportatzaile gisa duen garrantzia areagotzeko. Tokiko enpresa txiki batek ez dio zertan merkatu globalari uko egin” adierazi du Nerea Melgosak.

Tokiko mikroETEak nazioartekotzeari dagokionez, aurten 37 bidaia-poltsa eta agentzia gastuetarako 10 poltsa eman nahi dira atzerrian sustapen ekintzak egiteko – azoka eta topaketak ardatz – eta merkataritza misioak egiteko. Ekintza hauek Alemania, Frantzia eta Afrikako iparraldean egingo dira, besteak beste. Udalaren eta Merkataritza eta Industria Ganbararen lankidetzari esker iaz 18 enpresek hartu zuten parte nazioartekotze ekintzetan eta 14 azokatan izan ziren.

Bigarren lan ildoa, atzerrian praktikak egiteko bekak ematea da senidetzeak dinamizatze aldera. Ekimen hau Eusko Jaurlaritzaren “Global Training” programari lotuta dago, eta praktikek iraun ohi duten 6 hilabeteei beste bi gehitzeko aukera ematen digu ekimenak, senidetutako hiriekin lotutako enpresa eta lekuetan, eta lehentasuneko interesa duten beste leku batzuetan. Udalak 5.450 euroko diru-laguntza emango du ekimen honetarako, eta horien bidez bi hilabetez luzatu ahalko dira nazioartekotzeko bi beka.

Gasteizko Udalak eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganberak sinatutako hitzarmen honen hirugarren lan ildoa 40 urtetik gorako zuzendari eta profesional langabetuei lanerako orientabideak ematea da. Honen bidez laguntza eta aholkularitza zerbitzua eskainiko zaie honako baldintzak betetzen dituzten 15 pertsonari: unibertsitate prestakuntza edo baliokidea izatea, kualifikazio maila handia izatea eta, metalaren sektorean lan egin izana (azken hau kasu askotan).