El Correo

'Iberiar hegazti sarraskijaleak. Ekosistemen garbiketa-patruila' erakusketa izango da Atarian urriaren 17ra bitartean

‘Iberiar hegazti sarraskijaleak. Ekosistemen garbiketa-patruila’ argazki-erakusketa aurkeztu du gaur goizean Gasteizko Udalak. Ataria Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentroan izango da ikusgai, gaurtik hasi eta urriaren 17ra bitartean. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatu duen Ramón Arambarri Bengoa eta Mario Bregaña Etxeberriaren ekimen honek hauxe du helburu: hegazti-multzo horren edertasun berezia ezagutzera ematea, irudien bitartez, baita naturan burutzen duten zeregina ere, eta, aldi berean, gertuko planoak eskaintzea, intimoak, beren itxurari eta ohiturei buruzko xehetasun aski ezezagunak. IGIko presidente den Iñaki Prusillak azal du helburu dutela artistek hegazti horiei “gure kulturak aitortzen dien zera makabro hori kentzea, zori txarreko hegaztien ospea, eta ikusleei ohartaraztea zer-nolako balio ikonikoa duten gure mendietan eta kondairetan, eta ekosistemetan duten zeregin ordezkaezina”. Hogei argazki handi ditu .

Ramón Arambarri Bengoak ibilbide luzea egina du naturalista gisa, fauna basatiaren argazkiak egiten, eta nazioarteko hainbat lehiaketatan jaso izan ditu sariak. Mario Bregañak —duela hainbat urtetik hona Gasteizen bizi den argazkilari nafarra— maiz egin du lan argitalpen instituzionaletan eta aldizkarietan. Naturari eta faunari buruzko hainbat argitalpenetan ikus daitezke beraren argazkiak. Bi egileak, Juan Buesa Garayorekin batera, Augur-Nature ingurumenaren arloko hezkuntza- eta zabalkunde-proiektuan murgilduta daude, argazkien eta ikus-entzunezkoen bitartez fauna lokalaren sekretuetako asko ezagutzera emateko asmoz.