El Correo

Alberto Schommerren 'Oroimenean' erakusketaren katalogoa argitaratu du Gasteizko Udalak

  • Argazkilariaren heriotzaren lehen urtemugan egin da erakusketa, eta 6896 bisita izan ditu dagoeneko

Hilaren 18ra arte Montehermoso jauregiko ur-biltegian ikusi ahal izango den “Oroimenean” erakusketa betiko jasota geratuko da Gasteizko Udalak argitaratu duen katalogoan. Gaurtik aurrera erosi ahal izango da liburu-dendetan eta Montehermoso kulturunean bertan. 6896 bisita izan ditu dagoeneko erakusketak.

“Argazkigintza maitasun-ekintza bat da niretzat”. Alberto Schommerren hitz horiek dira erakusketaren muina. Erakusketa bera, berriz, argazkilari ospetsuari jaioterriak bihotz-bihotzetik egindako omenaldia.

Katalogoan, erakusketan bertan bezalaxe, artistaren begirada gizatiarrena eta pertsonalena ez ezik, haren lanak eta hiriko beste argazkilari batzuen lanek ur biltegian sortutako solasa ikus dezakegu.

Azken hamarkadetan Espainiako arte-panoraman gehien nabarmendu diren eta nazioartean ospe gehien lortu duten argazkilarietako bat izan zen Alberto Schommerren heriotzaren lehen urtemuga zela eta egin da erakusketa. Zati nagusia egilearen beraren “Metrópolis” erakusketako zazpi argazkik eta Gasteizko Udal Artxiboko funtsetako beste 51 argazkik osatu dute.

Multzoa bi ataletan banatu da. Lehena —Ibilbidea— biografikoa da, Schommerren haurtzaro eta gaztaroko Gasteiz irudikatzen duten argazki eta dokumentuek osatzen dute, eta hark jaioterriarekin zuen harremanaren zenbait alderdi islatzen ditu.

Bigarrena —Elkarrizketak— haren lanari egindako omenaldia da. “Metrópolis” izenburuarekin argitaratutako “Hiriak/Ciudades” laneko zazpi argazki oinarritzat hartu —lotura gisa ikonografia nahiz izenburua baliatuz— eta Gasteizko Udal Artxiboko funtsetan jasotako beste argazkilari batzuen lanekin erlazionatu dira, elkarrizketa sortzeko. Egilearen argitalpenen hautaketa bat ere eskaintzen da.

15 euroan salduko da katalogoa

Bestalde, erakusketa dela eta antolatutako jarduera osagarrien programaren barruan, “Metropolis, la ciudad como escenario” hitzaldia emango du bihar, hilak 14, 19:00etan, Jon Gorospe argazkilariak. Hitzaldia —Arabako Argazkilarien Elkartearen laguntzarekin antolatua— ibilbide bat izango da, Alberto Schommer eta haren belaunaldiko argazkilarien lanaren hala moduzko ikuspegia emango digun mapa gisako bat.