El Correo

Sortu berri diren enpresen iraupena hobetzeko programa jarriko du martxan Udalak

  • Datorren astelehenean, irailak 19, jarriko da martxan Enpresak Sendotzeko Programa

Datorren astelehenean, irailak 19, jarriko da martxan Enpresak Sendotzeko Programa, Udalak sortu berri diren enpresen iraupena hobetzeko xedez gauzatuko duen prestakuntza-plana. Enpresa berriak errotzeko prestakuntza eta aholkularitza eskaintzeaz gain, orobat erraztuko ditu sendotze-plan horrek zabalkunderako, merkatu berriak bilatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko estrategiak.

Horretarako, lau lantegi izango dira, eta enpresaren jarduera-arlo hauek landuko bertan: estrategia, marketina, finantzak, eta antolakuntza eta pertsonak. Enpresak Sendotzeko Programaren lehen edizioa irailaren 19tik urriaren 21era bitartean izango da. Nolanahi ere, bigarren edizio bat aurreikusia dago azaroaren 7tik abenduaren 2ra bitartean.

Lantegi bakoitzak iraupen laburreko prestakuntza-zati bat izango du, Erdi Aroko hiriguneko Enpresa Zentroan eskainiko dena, eta aholkularitza banakatua. Hartara, parte hartzen duten enpresek aukerak antzeman ahalko dituzte, hobekuntza-plana garatu eta kudeaketa-tresna egokiak erabili, aholkulari espezializatu baten laguntza pertsonalizatuarekin.

“Ekintzaile baten prestakuntza ez da bukatzen enpresa-proiektua abian jartzen duelarik. Jardueraren hasiera horretan zalantzak eta erronkak sortu ohi dira, eta horiei erantzun nahi diegu, beren enpresa martxan dutenentzat planteatzen dugun prestakuntza espezializatu honen bitartez, alderdirik teorikoenak aholkularitza pertsonalizatuarekin konbinatuz. Enpresa baten lehenengo pausuetan segurtasuna eta ezagutza eskuratzea funtsezkoa da etorkizuna bermatzeko”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Doan eman daiteke izena Enpresak Sendotzeko Programan, on-line. Lekuak mugatuta daude, ordea.