El Correo

Laguardiako SI-SEU-a izango da 24 ordu irekitzen duen lehenengoa

  • Aurrerago, gaur egun 12 ordu lanean ari diren Ispilu, Agurain eta Kanpezuko SI-SEU-ek hasiko dute 24 orduko lanaldia.

Arabako Lurralde Historikoak dituen ezaugarriak eta arriskuak, inguruko parkeekin hitzarmenak lortzeko aukerak eta erantzuna emateko gaitasuna kontuan izanda, Arabako Lurralde Historikoko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamenduko Eskualde Unitateko Erakunde Autonomoak erabaki du Laguardiako SI-SEU-a izan behar dela 24 ordu irekitzen lehenengoa. Aurrerago, gaur egun 12 ordu lanean ari diren Ispilu, Agurain eta Kanpezuko SI-SEU-ek hasiko dute 24 orduko lanaldia.

Hala, 2018rako Arabako Foru Suhiltzaileak-Bomberos Forales de Álava izena hartuko duen Erakunde Autonomoaren parke guztiek 24 orduko lanaldia izango dute. Modu honetan gehienez 20-25 minututan Arabako Lurralde Historikoan gertatzen den edozein gertakizunari aurre egiteko gai izango dira.

Zergatik Laguardia?

Gauean larrialdi bati aurre egiteko denbora luzeegia da Valdegovíako zenbait udalerrietan, zein Zuia eta Arabar Errioxako koadriletan. Hori dela eta, denbora faktorea da, hain zuzen ere, SI-SEU-ak 24 orduko lanaldian martxan jartzeko garrantzi gehien duen parametroa, baita, Laguardiakoa irekitzen lehenengoa izatearen arrazoia ere.

Era berean, nabarmentzekoa da A-124-a (Arabar Errioxatik igarotean) arrisku potentzial handiko gunea dela kotxe istripu, zein trafiko dentsitate handia dela eta.

Arabar Errioxako upeltegi zein enpresak gauean arreta gutxiago izaten dute Aiarako Bailaran, Lantaronen, Agurainen, Casablancan eta Gojainen kokatutako industria poligonoekin alderatuz. Gune horiek industria eta biltegi kopurua eta arriskugarritasunari dagokionez garrantzitsuenetarikoak dira. Halaber, Burgoseko Aldundiarekin hitzartuta dagoenez Mirandako parkeak Lantaron inguruko esku-hartzeak hartzen ditu beregain.

Sute eta erretako gainazal kopuruak Laguardiako zonaldeak Agurain eta Añanaren aurrean duen lehentasuna islatzen du.

Azkenik, lurraldeko ondasun historikoari dagokionez, Arabar Errioxako alde historikoa da azpimarratzekoa, larrialdi zerbitzuek bertan esku hartzeko zailtasuna handia baita oso. Kontuan hartu behar da ere gaur egun Laguardia ezinbestean babesteko zonaldea dela, batez ere, etxeen arteko hurbiltasun, materialen erregaitasun eta larrialdietako ibilgailuek kaleetan barrena ibiltzeko ezintasunagatik.

Arabako Foru Suhiltzaileak-Bomberos Forales de Álava Erakunde Autonomoa

Erakunde Autonomo berriak euren betebeharrak aurrera eraman ahal izateko tresnak eta bitartekariak izango ditu eskura. Horiek guztiak, gainera, edozein suhiltzaile parkean izango dira homologagarri.

Prebentzioa izango da ezinbesteko helburua. Era horretan, enpresa, lekuko erakunde, hezkuntza zentro, egoitza, etabarrekin jardungo da.

2019rako Parke Zentrala eta SI-SEU guztiak 24 ordu irekitzen direnean, Erakunde Autonomo berriak 185 profesional izango ditu lanean.

Esfortzu honek guztiak Arabako Foru Aldundiak duen konpromezu eta helburuari erantzuten dio: zerbitzu profesional, zuzen eta eranginkor baten bitartez arabar eta profesional guztien segurtasuna zaindu eta bermatu.