El Correo

Zenbait odol-taldetan dagoen eskasia dela eta odola ematera animatzen ditu Gasteizek herritarrak

  • Arabako Odol Emaileen Elkarteak egindako deiaren ondoren egin du deialdia Udalak

Arabako Odol Emaileen Elkarteak egindako deiaren ildotik, odola ematera joatera animatu nahi ditu Gasteizko Udalak herritarrak. Uda-sasoian odol-erreserbak erdira urritu dira, bereziki 0+- eta A+ taldekoak. Odola emateko ohitura dutenei nahiz sekula eman ez dutenei Olagibel kalean dagoen Estibalizko Andre Mariaren anbulatoriora jo dezatela eskatu diete entitateko arduradunek, hori baita erreferentziazko zentroa —astelehenetik larunbatera—, edo hirian barrena ibili ohi diren unitate mugikorretakoren batera.

Gorka Urtaran alkateak elkartasunerako dei berezia egin du, odola emateko moduan dauden guztiak ematera joan daitezen. “Ez da askorik kostatzen hori egitea, eta, aldiz, bizitzak salbatzen laguntzen du”. Alkateak berak ere emango du odola, datorren astean, eta bai udal langileak, bai herritarrak animatu nahi izan ditu beste horrenbeste egitera.